Egoitzako aittitta-amamen eskulanak ikusgai

Egoitz Unamuno 2017ko ira. 21a, 09:00

Martitzenean zabaldu zuten Mesedeetako egoitzako aittitta-amamen eskulanekin osatutako erakusketa Kiroldegian. Irailaren 30era arte izango dira ikusgai.

Fruta dendako kaxak, teila zaharrak, telefono-liburua, botila hutsak, saskiak… egoitzan edozein material aprobetxatzen dute eskulanetarako, egoitzako ekintzen arduraduna den Laura Garciak azaldu digunez. “Senideek ekarritako objektuak izaten dira batzuetan, edo neuk bilatutakoak, bestetan. Margotu egiten ditugu eta berritu. Zailtasunak zailtasun, asko gozatzen dugu elkarrekin, eta horixe da helburua”.  Gero, eskulanak, bakoitzak bere gelan jarri, edo senideei oparitzen dizkiete.    

Erakusketa zabaltzeko ekitaldia egin zuten martitzen arratsaldean, eta bertan parte hartu zuten  Elena Beristain Egoitzako zuzendariak eta Iker Aldazabal alkateak, egoitzako hainbat egoiliar, langile eta boluntariorekin batera. Hainbat senide ere hurreratu ziren. Erakusketa ikusgai izango da irailaren 30era arte, ohiko egun eta orduetan.

“Alzheimerraren munduko astea”

Irailaren 21ean, eguenean, Alzheimerraren mundu mailako eguna dela eta, egoitzan hainbat ekimen antolatu dituzte gaia lantzeko. Memoriaren Zuhaitza izango da horietako bat, egoiliarrak senideekin batera oroitzapen orrixekin jantziko dute irudia eta eguenean jendaurrean jarriko dute ikusgai. Atzo, Alzeimerraren gaineko zine-foruma eta tertulia izan zuten, zaintzaileei zuzendua, eta domekan, Mesedeetako amaren egunean, meza eta luntxa izango dituzte.