Eulogio Mancebo:"Garai bateko errebelatzea, gaur egun, Photoshopa da"

Erredakzioa 2017ko ira. 15a, 17:42
Eulogio, eskuetan erakusketako argazki bat duela.

Eulogio Mancebo (1963, Elgoibar) argazkilariak bere argazkien lehen erakusketa jarri du ikusgai iraileko lehen hamabostaldian zehar: Soraluze Ene Begietan. Bihar arratsaldeko 14:00ak arte dago zabalik. 

Zer da erakusketan jaso duzuna?

29 argazki dira. Soraluzekoak hamabi. Udaltzain daramatzadan hogeita zortzi urtean denbora asko izan dut argazkiak ateratzeko. Gainerakoak beste leku batzuetan ateratakoak: Deba, Gibraltar, Cadiz… Paisaien argazkiak dira batzuk, pertsonenak besteak.

Badira akuarelan pintatutako margoak ere.

Bai, ordenagailuko pantailan egindakoak dira. Pintzel bat hartu eta argazki gainean margotuta. Ez dakit horrek meriturik baduen, baina niri gustatzen zait.

Udaltzain lanak ematen du aukera argazkiak ateratzeko?

Bai, gero eta gehiago. Gaur egun, lanerako argazki asko atera behar izaten dugu, txostenetan eransteko. Nik kamera txiki bat erabiltzen dut beti aldean. Mugikorrarekin ere ateratzen ditut, lanean dihardudanean.  Lanetik kanpo ere ateratzen naiz argazkiak egitera, bizikletan eta. BBCn ere jardun izan du dut: Bodas Bautizos y Comuniones. (Barreak)  

Noizkoa duzu argazkigintzarako afizioa?

Gaztetan hasi nintzen argazkiak ateratzen, 16 urterekin edo. Garai hartan, argazki kamera bat erosteko aukera izan nuen, eta hasi nintzen. Orduan oso ezberdina zen argazkien prozesua. Astebete egon behar izaten genuen zain argazkiak errebelatuta jasotzeko, eta, askotan, erdiak baino gehiago desenfokatuak ateratzen ziren.

Gustukoago duzu argazkilaritza digitala?

Bai. Kamera digitalak heldu zirenean lehenago paperean neuzkan argazki guztiak bota nituen, sekulako karga zelako. Orain, kamera digitalarekin, oso erosoa da dena. Esaterako, Photoshop programa ezagutzea sekulakoa izan zen, nire argazki ideala lortzeko aukera ematen didalako. Garai bateko errebelatzea, gaur egun, Photoshopa da.

Ez zara, orduan, argazki naturala gehiago estimatzen duen horietakoa?

Bai, argazkia bere horretan ondo ateratzeak meritu gehiago du, noski, baina, gaur egun, kamerak berak erretokatzen ditu argazkiak automatikoki, guk ezer egin barik. Beraz, argazki guztiak daude erretokatuta. 

Argazkiak lehiaketetara aurkezten dituzu, gero?

Elgoibarko Udalak antolatzen duen lehiaketara aurkeztu izan ditut bakarrik. Azken zazpi urteetan, seitan saritu dituzte nire argazkiak, eta, ondoren, urteko egutegian argitaratu. Egutegi kopuru handia banatzen dute eta ematen dute zeresana. Elgoibarren oso ezaguna naiz argazkilari moduan.

Zer moduz joan da lehenengo erakusketa?

Oso ondo. Soraluzen oso erosoa da, Udalak zaintzaileak jartzen dituelako eta markoak eskaini ere bai.Hurrengo erakusketa Elgoibarren antolatu behar dut, taberna batean.   

Erakusketako bi argazki. 

Etxegabea Gibraltarren. “Kalean nindoala, gelditu ere egin barik, atera nion argazkia. Batzuetan horrela egiten dut”.

 

Cadizen, La Caletan, umeak jolasean. “Nire emaztea Cadiz-ekoa da, eta oporretan hara goazenean aprobetxatzen dut argazkiak ateratzeko”.