Erreferendumerako materiala egon daitekeelakoan, joan zen astean El Vallenc astekariaren egoitzan sartu zen Guardia Zibila, Tarragonako Valls herrian. Francesc Fabregas da El Vallenc taldeko zuzendaria eta 2016ko azaroan Arrasaten egin ziren TOKIKOM Jardunaldietan izan zen, Kataluniako tokiko prentsaren nondik norakoez berba egiten. Toki komunikabideen bateragune den TOKIKOMek, oharra igorri du gertakarien berria jakin ondoren, Francesc Fabregasi eta ACPCri –Associació Catalana de la Premsa Comarcal– elkartasun osoa adieraziz.
Adierazpena:
- Elkartasun osoa adierazten diegula hala El Vallenc, nola haren zuzendari Francesc Fàbregas zein ACPC osoari. Hirurekin ere lankidetzan aritutakoa da TOKIKOM, eta ezin eskertuzko laguntza jaso du haiengandik. TOKIKOM osatzen dugun lagunok gure samina eta kezka ere adierazi nahi dugu gertakari larri hauen aurrean.
- Geure egiten dugula ACPCk egin berri duen adierazpen eta eskaria:
- Begirune handiena informazio eta adierazpen askatasunei
- Erredakzio periodistikoek duten pribatutasn eta sekretu profesionalerako eskubideak errespeta daitezela
- Hiritar guztien errugabetasun presuntzioa eta, bereziki, Francesc Fábregasena errespeta dadila.
- Segurtasun indarrek eta botere judizialek era proportzionatuan eta pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatuz joka dezatela.
Gertatutakoa zehatz-mehatz argitzen den bitartean, berriz ere gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu El Vallenc, haren zuzendariari, eta ACPC osoari.
Durango, 2017ko irailaren 9an