"Orain herritarroi dagokigu Kataluniako erreferenduma babestea" Soraluzeko Gure Esku Dago

Egoitz Unamuno 2017ko ira. 12a, 09:47

Kataluniako erreferedumari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea.

Soraluzeko Gure Esku Dagok deituta berrogeita hamarren bat herritarrek elkarretaratzea egin zuten plazan. DEMOKRAZIA: bozkatu erabakitzeko! Katalunia endavant! lemapean, erreferenduma babesteko zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu zuten.

Señera eta esteladarekin batera, ikurriña ere agertu zuten atzoko elkarretaratzean. Megafoniatik, Kataluniako ereserkia eta kanta ezagunak entzun ahal izan ziren. Ordu erdiko elkarretaratzearen ostean, Iñaki Amuategi Gure Esku Dagoren ordezkariak hartu zuen hitza eta Kataluniarrak euren etorkizuna erabakitzeko hartu duten bideagatik zoriondu ostean, herritarren ordua dela adierazi zuen: "orain herritarrok babestu behar dugu erreferenduma, eta dei egiten dizuet guztioi zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera".  

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak autobusa antolatu du, irailaren 16an Bilbon egingo den manifestaziora joateko. Autobusa arratsaldeko 4etan aterako da Estaziñoko geltokitik. Irailaren 15era arte eman daiteke izena, Iratxon, Arranoan edo Batzokian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.