Dispertsio politika amaitzeko eskatu dute Asier Heriz eta Iñaki Saezen heriotzaren 16. urteurrenean

Egoitz Unamuno 2017ko ira. 11a, 11:38

Elkarretaratzea eta oroimen ekitaldia egin dituzte, herriko bi gazteen heriotza gogoratu eta dispertsio politikak eragin zuela salatzeko. Senide eta lagunak zigortzen dituen espetxe politika aldatzeko eskatu dute. Argazkiak: Aidor Aizpuru.

Joan zen ostiralean, irailaren 8an, heriotzaren 16. Urteurrenean, berrogeiren bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrian, “Dispertsio politikaren eraginez hilak“ lemarekin.

Domekako ekitaldian, Asier Heriz eta Iñaki Saez gogoratu zituzten eta salatu zuten Avilako espetxera bisitan zihoazela izandako auto istripuan hil zirela -Gaurdaino, 16 pertsona hil dira antzeko istripuetan-.  Dispertsio politika, “euskal preso politikoak eta euren senide eta lagunak bortizki zigortzeko politika hiltzailea” dela adierazi eta aurrerantzean ere beroni aurre egiteko asmoa erakutsi zuten.

Ekitaldian, Mikel Urdangarinen Denbora aurrera doa eta Ken Zazpiren Zapalduen olerkia kantak abestu zituzten, bi dantzarik aurreskua dantza egin zuten, eta bertsoak ere kantatu zituzten:

Hemendik noski ez dira ikusten,

erbestea ta gartzela,

behelainoak estaltzen ditu

badakigu hor daudela,

Gure lagunak dauzkate bertan

urte luzetan horrela,

Baina dakigu saiatu ezkero

Asier ta Iñaki bezela,

noizbait bakoitza bere mendira

bueltatu ahal izango dela.