Errepideak, seinaleak eta postontziak hobetzeko eskatu diote Udalari baserritarrek

Egoitz Unamuno 2017ko ira. 7a, 12:11
Baserritarren batzarra udaletxean.

Baserritarrak Udalarekin batu ziren atzo, eta Debemeneko eta udaleko ordezkariei euren eskariak bideratu zizkieten. Nagusiki, errepideak hobetetzera bideratutako eskariak egin zituzten baina izan zen bestelakorik ere. 

Hogeiren bat baserritar batu ziren atzo udaletxeko batzar aretoan, auzo guztietakoak. Bilera gidatzen, berriz, Iker Aldazabal alkatea eta Jabier Garmendia Ingurumen eta Landa Garapen batzordeburuak jardun zuten, eta publikoan ziren Roke Akizu EH Bilduko zinegotzia eta Agurtzane Etxaniz Debemeneko ordezkaria ere. 

Baserritarrek aurkeztu zituzten eskarien artean, nagusi izan ziren errepideen hobetzeko lanekin zerikusia dutenak: bide bazterrak hobeto garbitzea, Txurruka auzoan Madari alderako errepidea hobetzea, espilua jartzea Ezozi bidean futbol zelaiaren aurreko errebueltan, Iturbe alderako bidean kainuetako parrilak berrezartzea (ohostu egin dituzte), Ostegietara bidean bionda jartzea, Munetarako bidean haitzak egonkortzea, Erlei baserri inguruko urak bideratu eta ingurua garbitzea, eta beste hainbat.

Errepideez gain, aipatu zituzten beste gai batzuk ere, esaterako, zenbait baserritarrek euren kezka adierazi zuten BTT zirkuituan barrena ibiltzen diren txirrindulariak "abiadura handiegian" ibiltzen direlako, baita errepideetan ere, horrek dakarren arriskuarekin. Alkateak, bere aldetik, BTTko zirkuituaren egitasmoa bertan behera lagata dagoela adierazi zuen, baina zirkuituak bere horretan direla eta abiaduraren arazoa zela konpondu aztertzeko konpromisoa hartzen zuela jakinarazi zuen.

Berbetagai izan zuten baserrietako seinaleen egoera ere. Hainbat baserritarrek salatu zutenez, seinale asko egoera kaskarrean daude, apurtuta edo ustelduta, eta horiek konpontzeko beharra nabarmendu zuten. Merkatu plaza gaineko postontziak ere, asko apurtuta daudela adierazi zuten, eta konpontzeko eskatu. Postontziak irisgarritasun hobea izango duen lekuren batera aldatzeko eskatu zuenik ere izan zen.

Udal Gobernuko ordezkariek adierazi zuten eskaera guztiak aztertu eta garrantzitsuenak lehenetsiko dituztela, datorren urteko aurrekontuetan jasotzeko. Horrekin batera, Gaztañerre azoka antolatzeko bilera irailaren 28an, arratsaldeko 19:00etan, egingo dela ere jakinarazi zuten.