Lagun arteko giro ederrean joan dira San Martzialgo jaiak

Egoitz Unamuno 2017ko ira. 4a, 11:25

Giro ederra izan da auzoan jaiek iraun duten bi egunotan. Eguraldia lagun izan da eta jende asko bertaratu da antolatutako ekitaldi eta lehiaketetan parte hartzera. Argazkiak: Egoitz Unamuno, Igor Aldazabal eta Laida Teilitu.

Zapatu goizeko mendi bueltarekin ekin zieten Martxel Deunaren jaiei. Berrogeiren bat lagun batu ziren Sagar Errekatik gora Topinburu eta Illordoko gainetan zehar ibilaldia egiteko. Batzuek ibilbide motza aukeratu zuten, baina, okerreko bidea hartuta luzea adinako bidea egin zuten azkenerako. Ordubatak aldean, denak batera xamar heldu ziren San Emeterio eta San Zeledonioren ermita ondoko plazara, gustura, txosnan zain zituzten tragoxka eta mokadutxoa hartuta.

Arratsaldean, umeek gozatu ederra hartu zuten jolasetan; baita, dagoeneko, horren ume ez diren beste batzuek ere, aurpegia margotuta. Iluntzean, umore ederrean jokatu zuten txapel jaurtiketa txapelketa, Ximun Larrañagak irabazi zuena, saritzat zegoen gazta eskuratu. Ostean, oihal akrobaziak bereganatu zuen jendearen arreta. Laida Tellituk erakustaldi ikusgarria eskaini zuen karpatik zintzilikatutako oihalean txirikordatuta, David DJaren musika eta argiteriak girotuta. Gauean, auzotarren afariaren ostean, DJaren emanaldiak jarraitu zuen gau erdira arte.

Domekan, meza, dantza eta paella lehiaketarekin hasi zen goiza. Eguerdirako, jende asko batu zen plazara, eta, baita, gero, bazkaritara ere. Bazkal ostean, lagun arteko giro ederrean jokatu ziren toka eta mus txapelketak. Zezen txikiekin errekorte eta txirinbuelta ikusgarriak egin zituzten gaztetxoek; tartean, Ordizia eta Villabona aldetik etorritako mutiko koadrila bat ere izan zen.    

Museko sariak banatuta itxi zuten sagardo kupela datorren urtera arte.  

Sarituak lehiaketetan

Txapel jaurtiketa

  1. Ximun Larrañaga

Toka txapelketa

  1. Fulgencio

Paella lehiaketa

  1. Joseba Barrutia eta Gonzalo Portu

Mus txapelketa

  1. Miguel Calleja eta Esther Cruz
  2. Joseba Barrutia eta Gonzalo Portu. 
Erlazionatuak

Oihal akrobazia erakustaldia

Egoitz Unamuno 2017 ira 04 Soraluze