Asteburuan, jaiak San Martzial auzoan

Egoitz Unamuno 2017ko abu. 28a, 11:05
Dantzan karpapean, iazko jaietan.

Zapatuan hasiko dira jaiak San Martzial auzoan. Jai batzordeak bi eguneko egitaraua prestatu du, eta, nobedade moduan, oihal akrobazia ikuskizuna iragarri dute zapatu iluntzerako. Aurten, karidadeko saldarik ez dute prestatuko, ermita ondoko aldeetako bat estalperik barik dagoelako.   

Urtero moduan, zapatu goizeko guraso eta umeentzako mendi bueltarekin hasiko dira San Martzial auzoko jaiak. Bazkal ostean, umeentzako jolasak izango dira, eta, arratsaldeko 19:00etan; lehenengo dantzaldia, DJ David donostiarrak girotuta. Ostean, iaz sekulako arrakastaz izan zuen txapel-jaurtiketa lehiaketaren bigarren edizioa egingo dute. Eta afal aurretik, aurtengo nobedadea: oihal akrobaziak, Laida Teilitu auzotarraren eskutik. Afal ostean, dantzaldiak jarraituko du DJ Daviden musikarekin.

Domekako egitaraua mezarekin hasiko da, eta, ostean, IX. Paeila lehiaketa egingo dute. Gero, Urrats dantza taldearen txanda izango da; honek, dantza-ikuskizuna eskainiko du plazaren erdian. Ondoren, lehiaketarako prestatutako paeilak jango dituzte bazkaritan, eta bazkal ostean, jokurako zaletasuna dutenek mus eta toka txapelketak izango dituzte aukeran. Amaitzeko, umeentzako zezentxoak eta pottokak, eta txokolate beroa izango dira.       

Karidadeko saldarik ez aurten

Karidadeko saldarik ez da izango aurten San Martzialgo jaietan. Salda prestatu duen herritar taldeak jakinarazi duenez, salda egiten den lekuko estalpea konponduta dagoen arren (ermitaren ostekoa), txozna montatu eta jendeari harrera egiteko erabiltzen zen gunea (ermitaren albokoa) estalperik gabe dago, eta, eguraldiaren menera ibili beharko genukeenez, erabaki dugu, baldintza horietan hobe dela aurten saldarik ez prestatzea. Pena handiz hartu dugu erabakia, eta nahi genuke aurtengoa salbuespena izatea. Ahaleginduko gara konponbideren bat bilatzen, eta espero dezagun, datorren urtean, berriz ohiturari heltzeko moduan izatea". Hala adierazi digu Larraitz Lakuesta antolakuntza taldeko kideak.  

 

EGITARAUA

Irailak 3, zapatua

09:30 San Martzialgo VI. Mendi itzulia. Bi ibilbide egiteko aukera: Soraluze-Illordo-San Martzial (9,5 km), edo, Soraluze- Aingeru Guarda-Topinburu-Illordo-San Martzial (15 km).

14:30 Bazkaria mendi ibilaldikoekin.

17:00 Umeentzako tailerrak eta jolasak.

19:00 DJ David donostiarraren saioa hasiko da.

20:00 II. Txapel jaurtiketa.

20:30 Oihal akrobaziak.

22:30 Gau festa DJ David-ekin.

Irailak 4, domeka

12:30 Meza.

13:00 IX. Paeila lehiaketa.

  • Bikote bakoitzak parte hartzeko 10€ ordaindu beharko ditu.

  • Izen-emateak egunean bertan edo aurrez 683520888 telefonora deituz.

  • Bikote bakoitzak bere paellarako beharrezkoa den generoa ekarri beharko du, nahi beste jenderentzako.

13:15 Dantza erakustaldia Soraluzeko dantzariekin.

14:30 Paeila bazkari herrikoia.

16:30 XVIII. Mus txapelketa.

17:00 Toka lehiaketa.

18:00 Zezentxoak eta pottokak.

19:30 Txokolada.