Jai giro berezia San Roke Txiki egunean

Egoitz Unamuno 2017ko abu. 18a, 10:02

Atzo, San Roke Txiki egunean ohikoa den legez, jai giro berezia izan zen herrian. Zezenak eta musikariak lagun, herritar ugari ibili zen kalean.

Goizeko zezenak eman zion hasiera San Roke Txiki eguneko egitarauari. Gogotsu jardun zuten herriko eta kanpoko errekortadoreek, zezenen aurrean errekorte ikusgarriak eginez. Tartean, zezenak Plaza Zaharreko arbolapeko bankuetan zegoen herritar bat harrapatu zuen; lurrera bota eta zilipurdika erabili zuen, harik eta beste herritar batek adarretatik heldu eta ihes egitea lortu zuen arte.

Zezenaren ostean, herriko musikariz osatutako taldea ibili zen kalez kale, giroa alaituz. Eguraldia lagun, herritar asko ibili zen kalean, horietako batzuek zuriz jantzita, San Roke Txiki eguneko usadioari jarraituz.

Arratsaldean ere bide beretik jarraitu zuen jaiak. Zezenak eta errekortadoreak izan ziren lehenik, eta, ostean, Baralde txarangak eta herriko musikariek girotu zuten jaia, kalez kale. 

 

   

Erlazionatuak

Errekortariak goizeko zezenean

Egoitz Unamuno 2017 abu 18 Soraluze

Zezena San Roke Txiki egunean (goizez)

Frantziska Iraolagoitia 2017 abu 25 Soraluze