Iñarrak eta Gabilondok eta Carrascok eta Cobosek irabazi dute tortilla lehiaketa

Ubane Madera 2017ko abu. 16a, 14:29

Aurtengo tortilla lehiaketako irabazleak, epaimahaikideak eta alkatea.

Iñaki Iñarrak eta Iñaki Gabilondok osatutako bikoteak eskuratu du patata tortillarik onenaren saria. Tortilla bereziaren saria, berriz, Mari Cruz Cobosendako eta Mari Carmen Carrascorendako izan da; azken horiek, gainera, patata tortillen mailako bigarren saria ere irabazi dute.

Lau lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du zeintzuk izan diren tortillarik gozoenak: Juanita Soraluzek, Leire Elizburuk, Iñaki Perezek eta Lourdes Lizarraldek. Hogei tortillaren artean aukeratu beharra izan dute eta kontatu dute patata tortillarik onena zein izan den erabakitzea erraz samarra izan dela, "bistara ematen zuen itxurarengatik eta zaporearengatik". Tortilla berezia, berriz, bistarako horren ikusgarria izan ez arren, gustu gozoa zeukala-eta aukeratu dute berau.

Irabazleak

Esandako moduan, Iñaki Iñarrak eta Iñaki Gabilondok osatutako bikoteak eskuratu du patata tortilletan lehen saria. "Kariño handiarekin egin dugu, ikusten ez dena baina igarri egiten dena", jakinarazi dute irabazleek.

"Ganbatxoak, espinakak... ipini dizkiogu; aurtengoa ikusita, datorren urtean berriro ere parte hartu beharko dugu", adierazi dute, berriz, tortilla bereziaren irabazle Mari Carmen Carrascok eta Mari Cruz Cobosek.

Patata tortilletan bigarren saria, gainera, azken bikote horrek eskuratu du baita ere.

Eta azkenik, hirugarren saria Ximun Larrañagak eta Unai Cuendek irabazi dute.

Saridunek Iker Aldazabal alkatearen eskutik jaso dituzte sariak, Plaza Zaharreko taula gainean. Eta ondoren hogeina pintxo prestatu dituzte bikote guztiek, Plaza Zaharrera gerturatu direnen artean banatzeko.

Denetariko lehiakideak

Oro har, denetariko parte-hartzaileak izan dira aurtengo lehiaketan: eskarmentudunak zein estraineko aldiz jardun dutenak.

"Gu ez bagaude, ez da egiten", esan du, adibidez, Piedad Gallastegik, bikotekide izan duen Santiago Gonzalezekin urtero aurkezten den sukaldari-zaleak.

Bittor Trebiñok eta Domingo Sanchezek ere errepikatu egin dute lehiaketan. "Bikotea gara, baina isilean", esan du umorez Sanchezek.

Eskarmentudunak dira, baita ere, Gonzalo Portu eta Inazio Barrutia. "Hemen garenean beti apuntatzen gara", kontatu dute.

Irakasle lanetan

Eta belaunaldi berriei bidea erakutsi nahi izan dietenek ere gogotsu jardun dute zartaginaren aurrean. 

Roberto de la Rosak Maria alabari erakusten, adibidez.

 Edo Itziar Agirrek Ekain Larrañaga semeari:

Eta baita Gracia Martinezek Angel Garciari ere. "Bikotekidea behar nuen-eta...", esan du lehenak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.