Zapatuan, eguerdiko 13:00etan, Ezoziko Ama abesbatzako kideek botako dute aurtengo jaiei hasiera emango dien txupina. Izan ere, abesbatzak hogeita bost urte bete ditu aurten, eta jai batzordeak erabaki du eurak izatea txupinaren jaurtitzaile, urteotan egindako lanaren aitortza modura.
Ondoren, ekimen ugari izango dira bost egunetan zehar. Horietako batzuk aukeratu ditugu, horien inguruko informazio gehixeago eskaintzeko asmoz.
[ZAPATUA] 6. Open Air Gune Musik
Aurten 6. edizioa dela-eta, DJ jaialdiak parte hartzaile bereziak izango ditu: IBAILO, aurretik ere herrian parte hartu duena; CINTHYA NES, tech-house musika jartzen duen emakume DJ; DARIO NUÑEZ gasteiztarra, sekulako maila emanez nazioartean diharduena. Horiekin batera, bertan izango dira Gunemusik Collective elkartean parte hartzen duten Deba bailarako bederatzi DJak ere: APA, UROK, ARON, GARATE, ANDONI MARTIN, OIER AGUINAGA, DANIEL RIVAS & ERKOREK eta J&F.
Bestalde, Galtzagorriek jakinarazi dute Zubiko txosnagunean jotzekoa zen A tuti plen herriko taldeak ez duela joko, taldekide bat ezinduta dagoelako. Gau horretan, herriko beste talde batek joko du, Sunken Wheelsek.
[DOMEKA] Herri-ikuskizuna
80. hamarkadako musika izango da aurtengo herri-ikuskizuneko musika-gaia: Queen, Mecano, Tino Casal, ZZTop, Itoiz eta beste hainbat talderen kantuak eskainiko dituzte.. Ines Laskurain, Silvia Hernandez, Ander Garitano, Ander Ariznabarreta, Domentx Uzin, Elsa Berrueta eta Alejandra Jauregi musikarien laguntzarekin, sorpresaz betetako jaialdia prestatu dute zapatu gauerako. Dantzariek Michael Jacksonen doinura jardungo dute. Guztira, berrogei herritarrek baino gehiagok parte hartuko dute ekitaldian, dela musikari, kantari edo laguntzaile modura.
[ASTELEHENA] Umeendako jolasak eta apar-festa
Astelehen goizean umeendako jolasak (sormen-tailerrak, jolas erraldoiak eta karaokea) izango dira Plaza Zaharrean , eta apar-festa Plaza Berrian. Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi-taldeak gidatuko ditu ekimenok. Arratsaldean, berriz, azken urteotan etorri izan diren Patxin eta Potxin pailazoak etorriko dira.
[MARTITZENA] Goazen!
Arratsaldeko 19:00etan, ETBko Goazen! telesail arrakastatsuan parte hartu duten hainbat aktorerekin dantza egin eta kantatzeko aukera eskainiko duen ikuskizuna izango da Plaza Zaharrean. Bi koreografia ikasiko dituzte; ondoren, karaoke ireki bat egingo dute, denboraldian zehar telesaila girotu duten abestiak elkarrekin kantatzeko.
Goizean ere izango da kanturako aukera, eguerdian herrian ibiliko diren Benta Zaharreko Muttiko Alaiekin. Gauean, berriz, Fan&Gorekin erromeria izango da Zubi Nagusian. Tartean, Bizimiña Elkarteakherri-bazkaria eskainiko du, eta honako hau izango da menua: pintxo-morunoa, entsalada, paella, postrea eta kafea. Txartelak salgai daude 12 eurotan, Iratxo goxodendan.
[EGUAZTENA] Los Mansos
Los Mansos taldeko kideak tablatu gainera bueltatuko dira jaietako azken gauean, taldea sortu zuteneko 50. urteurrenean. Los Mansos taldea 1966an sortu zuten Juan Luis Ibarzabal, Ramon Aranzasti, Ramon Pia, Jose Rodriguez eta Jesus Urizar soraluzetarrek, koadrilen arteko musika-lehiaketa bat irabazi ostean. Taldeak rock doinu “modernoak” jotzen zituen; garai hartan pil-pilean zeuden Beatles, Relampagos edo Los Brincos moduko taldeen bertsioak.
1967ko martxoaren 16an eskaini zuen lehen emanaldia Eibarren, La Bolera dantzalekuan. Aurretik, abenduaren 31n, Dia del seminarista Placentino egunean, bost kantuko emanaldi labur bat eskaini zuten zinean. Gerora, herriko plaza eta dantzaleku askotan jo zuten. Juantxo Ibarzabalek gogoan du Durangoko Abarasca dantzalekuan urte oso kontratua egin zietela, baina, bereziki, gogoratzen du 1970ean Azkoitian Los Brincosekin batera jo zutenekoa.
Los Mansos taldeak bost-sei urteko ibilbidea egin zuen; 1972an, taldeari izena aldatu, eta Akelarre talde mitikoa sortu zuten. Akelarre izan zen euskara hutsean kantatu zuen lehenengo plaza-taldea, Ibarzabalen esanetan. Urtean 150 saiotik gora egiten zituzten Euskal Herri osoan barrena.
Jaietako kontzertua eskaintzeko, Los Mansos taldeko hainbat musikari elkartuko dira, gehienak soraluzetarrak, gaur egun kanpoan bizi badira ere: Ramon Pia, Jose Rodriguez, Jesus Urizar, Pepe Cambronero (Ciudad Rodrigo), Iñaki Arriaran (Bergara) eta Juantxo Ibarzabal. Bi ordu inguruko kontzertua izango da, eta euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantuak joko dituzte.
“Pentsatu nuen bonba bat izango zela 50 urteren ostean berriz taula gainean batzea. Sekulako gogoarekin prestatu dugu kontzertua eta seguru nago jendea oso gustura geldituko dela. Jende askok ez daki Los Mansos eta Akelarreren mailako taldeak Soraluzen sortu zirenik eta hori gogorarazteko ere baliatuko dugu”.