Aras-eko arduradunak, Alazne Rasconek, azaldu digunez, eraman duten materialaren balioa milaka eurokoa da. Stockean zuten materialik garestiena eraman dute; kobrezko, latoizko eta brontzezko 3-4 metroko xaflak, eta erremintak ere bai. “Guretzat galerarik handiena erremintena da. Erreminta guztiak eroan dizkigute, eta, orain, inbentario guztia egin eta denak erosi beharko ditugu berriz”.
Lapurreta egiteko erabili duten sistema orain dela bi urte Itergan, aldameneko lantegian, lapurretan egiteko erabili zuten berbera izan da. Horman zuloa egin eta atzeko aldetik atera dute material guztia. Arasek badu alarma sistema, baina lapurrek zuloa egiteko aukeratu duten eremua estalduratik kanpo dago.
Araseko arduradunek salaketa jarriko dute Ertzantzan eta eskatu dute industrialdean segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea, “dela kamarak ipinita, edo Ertzantzaren presentzia handituta”.