Garlopak, garatilloak, mailuak, zerrak, azuelak, zepilloak, bribikiñak, raspatzekoak, arpana... Arozgintzako denetariko erreminta eta piezek osatzen dute Juan Kruzen bilduma. Garbituta eta familiaka sailkatuta dauzka denak, kaxetan antolatuta, hirurehunetik gora pieza.
Juan Kruz Arizaga Soraluzeko Korta baserrian jaiotakoa da. Gazte gaztetatik ekin zion arozgintzako lanari. Hamalau urterekin hasi zen aprendiz Mendizabal arotzarekin; eta, ordutik, berrogeita hamar urte inguru ditu egin arotz moduan, orain dela gutxi jubilatu den arte.
Urteotan, arozgintzarekin lotutako erreminta eta piezak biltzen joan da. Tartean, badira Kañoi Fabrikan arotz moduan ibili ziren Luis eta Pablo Lamarianoren erremintak, eta, baita, Bergarako kanterako Pedro arotzarenak ere. Oso pieza zaharrak dira batzuk, eta berriagoak besteak.
Oraindik ez du erabaki etorkizunean bildumari zein erabilpen emango dion. Udaletxeren batetik jaso du eskaintza arozgintzako museo edo erakustoki batean jartzeko, baina ez du baztertzen bildumagileren bati saltzea ere. Hala ere, oraingoz, gozatu egin nahi du osatu duen bildumarekin, horrenbeste denbora eskaini dien erremintekin. Lasaitasun eta gozamen iturri dira beretzat, eta hala eskatzen dion guztiari erakusten dizkio Eibarko Sumendiaga baserrian. Zapatuan San Andresen erakutsiko ditu zenbaitzu.