San Andresko jaiak

Ganadu azoka izango da San Andresko jaietako nobedade nagusia

Egoitz Unamuno 2017ko uzt. 7a, 14:48

Pilota partiduak iazko San Andresko jaietan.

Ganadu azoka izango da nobedade nagusia aurtengo San Andresko jaietan. Auzoko baserrietako animalia eta produktuekin osatuko dute azoka. Gainera, azoka girotzeko, bertsolariak eta trikitilariak izango dira goiz osoan zehar. 

Auzoko hainbat baserritatik eramango dituzte animaliak azokara: Arizaga (Suiza behiak), Itsasoi (Limusina behian), Guenetxetxo (astoa, behorra, ahuntzak), Obe (Limusina behiak), Osuma (behiak), Osuma-azpi (behorrak) Barrenetxe (txerriak, behi suizak, antzarrak, ahuntzak), Iriarte-gain (zaldiak, Hereford eta Aberdeen Angus behiak, eta ardiak), Zabaleta (Latxa ardiak), Ezenarro anaiak (pottokak)... Animaliekin batera, Etxebarrikoek ikusgai jarriko dituzte baserriko tresnak eta loreak, Juan Kruz Arizaga Kortak arozgintzako erreminta-bilduma, Belaitz Nekazal Hornigaiak etxeak animalientzako jakiak, eta Arizaga baserrikoek ogiak, barazkiak eta baserriko erremintak.

Hiru eguneko jaiak

Azokarekin batera, San Andres jaietako ohiko egitaraua izango da aurten ere. Jaien hasiera iragartzen duen kanpai buelta barixakuan joko dute, lizar arbola altxatu ostean. Zapatu arratsaldean, pelota txapelketako finalak jokatuko dituzte eta afal-ostean, Bide Batez erromeria taldeak joko du. Domekan, Iñaki Ruizen lasterketa hasiko da 10:00etan, meza 12:30ean eta emakumezkoen pelota partiduak 13:00ean. Arratsaldean, umeendako zezentxoak izango dira 18:00etan eta bola jokua 19:00etan. Astelehena auzotarrendako eguna izango da, Laja eta Lutxurdiok alaituta.

Azpimarratzekoa da, hiru egunetan bertsolariak izango direla: Iñaki Murua eta Millan Telleria zapatuan, Aitor Mendiluze eta  Agin Laburu domekan, eta Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso astelehenean.