Kanpoan giro sargoria zen; eliza barruan, ostera, giro freskoa eta atsegina. Bankuak herritarrez beteta, adinekoak eta helduak gehienak; tartean, gazteren bat edo beste. Txistulariek eman zioten hasiera emanaldiari, elizako ataritik aldareko eskilara arteko bidea biribilketako doinu bat joaz egin zuten. Ostean etorri ziren Ezoziko Ama abesbatzakoak, eta, hauek ere lehenengo kantua eskaini zuten bertan. Ondoren, organoaren txanda; Iñigo Alberdik maisutasunez interpretatu zuen Bach-en Preludioa pieza.
Musikari eta kantari denak koruan zirela jarraitu zuen kontzertuak. Hasieran, pieza amaitu orduko egin zuten txalo ikusleek, baina emanaldiak aurrera egin ahala, doinu leunek jendea erlaxatu zuten, eta txaloak gero eta beranduago etorri ziren; azken notaren edo ahotsaren oihartzuna isildu eta gero. Seinale ona.
Ascensiok Ezoziko Amari eskainita konposatu eta idatzi zuen ereserkia interpretatuz amaitu zuten emanaldia. Ikusleek gogotik jo zuten txalo.
Ascensio Gurrutxagak “merezitako omenaldia” jaso zuen zapatuan, herritarrek eskaini ziotena eta herritarrek gozatu zutena.