Eguerdiko mezaren ostean, herri-kirol zalez batu zen Ezoziko plaza. Txosnan mokadutxoa eta tragoxka hartuta, arbolapeko gerizpetatik, maila handiko bi aizkolariren jarduna gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek. Plazan, Aitzol Atutxa, nagusitasun handiz gailendu zitzaion Joseba Otaegiri.
Arratsaldean, zenzentxo eta poniekin jolas egitera hurreratu ziren ume eta guraso asko. Amaieran, antolatzaileek umeendako goxokiak jaurti zituzten plazara, eta, halaxe, amaitu ziren Ezoziko jaiak, gozo-gozo.