Asteburuan jai egitarau betea izango da Ezozin. Zapatuan, X. Erromerixa Eguna ospatuko da. Urtero moduan, eguerdi partean hasiko dira dantza saioak, eta elizpean bazkaldu ostean, arratsaldeko erromeria hasiko da plazan. Imuntzo eta Beloki trikiti talde ezaguna aduratuko da erromeria girotzeaz. Lehenago ere izan dira Ezozin, eta dantza-giro bikaina jarri izan dute bertan. Zpaturako eguraldi ona dago iragarrita, eta, beraz, ekitaldi guztiak kanpoan egingo dituzte karpa beharrik barik.
Ekainak 10, zapatua
ERROMERIXA EGUNA
11:00etan Hamaiketakoa Plaza Barrixan
12:00etan Kalejiran Ezozira
13:00etan Urrats dantza taldearen saioa
14:30ean Bazkaria ermitako elizpean
18:00etan Erromeria Imuntzo eta Belokirekin
19:00etan Larrain dantza Aretxabaletako gaiteroek lagunduta
Ostean erromeriak jarraituko du Imuntzo eta Belokirekin.
Maila handiko aizkora-jokoa
Ezoziko jaietako nobedade nagusia Aitzol Atutxak eta Joseba Otaegik jokatuko duten aizkora jokua izango da. Ekainaren 4an, Atutxak Urrezko Aizkora irabazi zuen Azpeitian, bigarren urtez jarraian; hilabete batzuk lehenago, martxoan, binakako txapelketa irabazi zuen Ugaitz Mugertza mutrikuarrarekin batera. Txapelketa horretan, hirugarren egin zuten Joseba Otaegik eta Xabier Orbegozo Arria V.ak. Domekan, Otaegi zizurkildarrak errebantxa jokatuko dio Atutxa dimoztarrari Ezozin.
Ekainak 11, domeka
EZOZIKO JAIXAK
12:30ean Meza
Ostean, salda eta txorizoa, bertso eta trikitixak alaituta.
13:00etan Aizkora jokua: Aitzol Atutxa VS Joseba Otaegi
14:30ean Bazkaria Armendi jatetxean
18:00etan Arno poni eta zezentxoekin
Jaiei amaiera emateko, umeei opariak banatuko zaizkie.