Barixakuan inauguratu zuten Ascensio Gurrutxagaren erakusketa. Bertan jarri dituzte, Ascensioren bizitzako hainbat argazki, Mari Karmen Olaizolak lagatakoak, eta partitura mordoxka bat, udal-artxiboan katalogatu berri den musika ondarearen lagin modura.
Inaugurazio ekitaldian Alkateak, Iñigo Alberdik, Domentx Uzinek eta Amaia Aldaik hartu zuten hitza. Denek adierazi zuten euren poza, hemendik aurrera, edozeinek Ascensioren musika ondarea udal-artxiboan kontsultatzeko aukera izango duelako. Alkateak eskerrak eman zizkien egindako lanagatik, eta herriko artxibo musikal historikoa osatzen laguntzegatik. Iñigo Alberdik Ascensioren "izaera apala eta apalegia" goraipatu zuen: "oso apala zan, apalegixa, eta batzuetan ez zeban jaso tratu on onik. Benetan merezitako omenaldixa da". Domentx Uzinek eta Amaia Aldaik lan gogorra izan dela aipatu zuten, baina gustora azaldu ziren emaitzarekin: Hasieran gauza indeszifrable bat emoten zeban, baina dokumentuak banan banan hartu eta oin badakigu gauza bakoitza zer dan, zeinena... Nahi dabenak hartu eta begiartzeko aukeria dauka".
Erakusketa ikusgai izango da ekainaren 17ra arte, eta, egun horretan bertan, Ascensioren omenaldi kontzertua eskainiko dute elizan, arratsaldeko 20:00etan. Urriaren 28an, berriz, Bilboko Koral Elkartearen Euskeria koruak emanaldia eskainiko du.