Zein ezberdintasun dago handik hona?
Nire jaioterria, San Diego, Venezuela iparraldean dago, Carabobo estatuan. Karibetik oso hurbil dago eta klima tropikala du. Bataz beste, berrogei gradu egiten ditu egunero, nahiz eta, neguan, tenperatura 30-28 gradura jaisten den. Klima beroa eta hezea da.
Horrek duen alde ona da fruta asko dagoela: mangoa, cotoperia… Likido asko duten frutak dira, dagoen beroari aurre egiten laguntzen dutenak.
Euskadunengatik esaten da oso serioak direla. Egia da, euskaldunak erreserbatuagoak zaretela, baina behin ezagututakoan asko zabaltzen zarete. Gainera, hemen sozializatzeko aukera asko daukazue: tabernak, elkarteak…
Noiz etorri zinen Soraluzera bizitzera?
Iazko urriaren 1ean. Hasiera batean, lau hilabete eman behar nituen, herentziaren gaineko paper batzuk egin arte, baina, Eibarren errentan lagata geneukan etxebizitza bat eta hura berreskuratzeko prozesua luzatuko zenez, bertan gelditzea erabaki genuen. Orain, paperak egiten dihardugu.
Zorionez, lana aurkitu dut Elgoibarko gimnasio batean, eta boxeo eskolak ematen ditut han, eta igeriketa eta korrika ere egiten dut.
Kirolaria zara?
Bai, gaztetxotatik egiten dut kirola, batez ere, igeriketa; eta atletismoa ere bai. Caraboboko selekzioan ere parte hartu nuen. Gaztetxotan lizeo militarrean ikasi nuen, eta, han, kirol ugari egiten genuen. Gerora, akademia militarrean ere bai. Chavez iritsi zenean, laga nituen akademia eta herrialdea. Kasualitatez, modelo lehiaketa bat irabazi nuen, eta lana eskaini zidaten Errepublika Dominikanan, eta hara joan nintzen bizitzera. Han ezagutu nuen Marian, nire emaztea, bera ere modeloa da. Ondoren, Mexiko DFn bizi izan ginen hamairu urtez, azkenik, Soraluzera etorri garen arte.
Aldaketa handia izango zen ezta?
Lehenengo hiru egunak lorik hartu ezinda eman nituen, isiltasunagatik. Orduan deskubritu nuen isiltasun erabatekoak zarata ateratzen duela. Izan ere, ni Mexiko hiriburutik etorri nintzen, eta han inoiz ez dago isiltasunik. Trafiko handia dago. Han, lanerako, bi edo hiru ordu lehenago ateratzen nintzen etxetik.
Bai, Mexiko hiriburuko timeinga oso bestelakoa da: mundu osoko jendea dago bertan, multikulturala da, denetarik dago… Euskal jatorriko jende asko ere badago, batez ere, Sonora estatuan.
Valentzian (Venezuela) euskal komunitatea oso txikia da, gallegoekin edo espainiarrekin alderatuta. Euskal zentroa oso txikia da, baina frontoi eder bat du eta sekulako jatetxea. Umetan, asko joaten nintzen aitarekin jatera, egun berezietan, eta frontoira ere bai, partiduak ikustera. Gogoratzen dut aitak euskaraz egiten zuela lagunekin.
Zuei ez zizuen euskararik egiten?
Ez. Umetan derrigortzen gintuen “aita” esatera, baina arrebak eta biok ez genion kasurik egiten. Nik uste ez zuela irakasteko kontzientziarik. Gogoan dut Euskal Etxera heldu eta autotik jaitsi orduko, euskaraz hasten zela. Niri beti interesatu izan zait hizkuntza, diferentea eta arraroa delako, baina, zoritxarrez, txikitan ez nuen ikasteko aukerarik izan, gustatuko zitzaidakeen arren. Orain, hemen, ume baten esperoan gaude eta harek erakutsiko digu guri.
Zelakoa izan zen aitaren bizimodua?
Lan asko egin zuen. Zazpi euskaldun joan ziren Vicente Lecuona terratenienteak lana eskainita, eta forja enpresa bat sortu zuten. Lantokitik gertu, nire ama ezagutu zuen, eta Venezuelaz maitemindu zen. Garai hartan, Venezuelan hazkunde handia zegoen, aitak esaten zuen bezala, Venezuelaren garairik loriatsuenak izan ziren.
Aita 2013an hil zen, jubilatu berri, justu, hona etortzekoa zen urtean. Ordura arte, behin baino ez zen etorri. Orduan ekin nion nik hemengoarekiko harremana estutzeari. Aitaren errauts batzuek ekarri nituen, eta, iritsi orduko, maitemindu egin nintzen lurralde honekin. Barruan zerbaitek esan zidan: “zuk hemen egon behar duzu”.
Aitaren errautsak mendi gainean lurperatu genituen eta inguru horrek txunditu egin ninduen. Gizakia milaka urtean hemen bizi izan dela erakusten duten arrastoak izatea, berezia da. Venezuelako herri zaharrenek ehun urte inguru izango dituzte. Herrialde moduan oso gaztea da; nerabea, esaten diot nik. Batez ere, pertsonen arteko interakzioari dagokionez.
Zer esan nahi duzu?
Nere ustez Venezuelan ikasi behar genuke elkar errespetuz tratatzen. Venezuelan jendeak beharrizan ezberdinak ditu, gustu ezberdinak, hizkuntza ezberdinak… Nik uste dut mundu honetan denondako lekua dagoela, baina, beti ere, gainerakoen eskubideekiko errespetua baldin badago. Hori Venezuelan oker interpretatu zen, ze mineralen aldetik dagoen aberastasun guztia, eta petroleoa, petroleo madarikatua, gaizki kudeatzen baldin bada, kalterako da. Venezuelak asko dauka, baina, aldi berean, ez dauka ezer.
Erru guztia Chavezi ez botatzearren… Orain dela berrogeita hamar urtetik dago demokrazia Venezuelan, baina urtetan herriaren zati bat marginatu egin zen eta ez zitzaion behar zuena eman. Batez ere, hezkuntza, segurtasuna, osasuna… Gerora, marginatutako jende kopurua hazten joan zen, gero eta gehiago, eta, azkenean, ezin izan zitzaion eutsi. Chavez iritsi zen eta agindu zituen denentzako gazteluak eta villak, eta, orduan, justizia egarriz zeuden herritarrek sinetsi zuten sistema berriak, “XXI. mendeko sozialismoak”, hori guztia ekarriko zuela; baina engainu bat izan da. Eta, noski, engainatua izan zarela onartzea ez da erraza. Ideia oso polita da, baina teoria praktikara eramaten denean aldatu egiten da, eta korrupzioa agertu zen.
Chavezek izan zuen nahikoa botere Venezuela herrialde arrakastatsu bihurtzeko, baina, aldiz, erabaki zuen munduko herrialderik eskasena bihurtzea. Maduro, berriz, inork ez du nahi. Pertsonaia handi baten indarraz baliatu zen dagoen lekuan egoteko. Nik, zoritxarrez, txarrena espero dut, gerra zibila, jende asko dagoelako armatuta. Venezuelan guztientzako dago, baina egoismoak eta erresuminak eragozten du banaketa justua egitea.
Zer da hemendik gehiena gustatu zaizuna?
Hona etorri nintzenean, gustatu zitzaidan gauzetako bat izan zen jendeak konfidantza zuela elkarrenganako. Hori ikusi nuen, adibidez, tabernetan. Tragoak eta pintxoak hartu eta handik denbora batera kamareroak galdetzen dizu zer kobratuko dizun. Horrek esperantza eman zidan. Amerikan, jende asko beldurrez bizi da egunero, lapurtuko dioten edo min emango dioten beldurrez, oskol batean. Hemen, berriz, arazoak arazo, armonia batean bizi zarete, eta horrek inspiratu egiten du, noizbait Amerika edo Venezuela hemen bezela bizi ahal izan daitezen.