Grebaren jarraipena, joan zen astekoarekin alderatuta, 50 puntu altuagoa izaten ari da Ikastetxean eta 16 puntu baxuagoa institutuan. Haur eskolako hezitzaileek jakinarazi digute, gaur ez dutela grebarik egin.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebara deituta daude gaur. ELAk, LABek eta Steilasek antolatu dute. Murrizketetan atzera egiteko eskatu diote Jaurlaritzari. Hirugarren greba eguna da, eta ez dago akordio zantzurik.
Mobilizazio egutegia osorik beteko dute hezkuntza publikoan, gatazka bideratzeko pausorik ez baitute eman. Grebara deituak daude 29.000 langile inguru Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, unibertsitatetik kanpoko mailetan. Gehiengo sindikalak egin du grebarako deia, elkar hartuta: ELAk, LABek eta Steilasek. Lau lan arlotan: irakasleak, heziketa berezia, sukaldariak eta garbitzaileak, eta Haurreskolak partzuergoa.
Hirugarren greba eguna da gaurkoa. Martxoaren 22an egin zuten bat, eta bestea, gaur zortzi, joan den asteartean. ELAk, LABek eta Steilasek antolatu dituzte hirurak, eta joan den asteartekora dei egin zuen CCOO sindikatuak ere; gaurko ez du egin deialdirik. UGTk ez du hiruretako bat ere babestu.
Hezkuntza publikoaren egoera "oso larria" da, sindikatuen arabera. Inbertsioa handitzeko eskatu dute, eta botatzeko atzera azken urteetako murrizketak. Honako hauek dituzte eskarien zerrendan: inbertsioa igotzea Europako Batasuneko batez bestekora, behin-behinekotasuna gutxitzea, ikasleen ratioak %10 murriztea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea...
Adostasunik ez dago oraingoz. Irakasleen arloari dagokionez, mahai sektorialaren bilera egin zuten sindikatuek eta gobernuak hil hasieran, eta ez zuten adostasunik egin. Izatez, diagnostikoan ere urrunduta daude bi aldeak; adibidez, sindikatuek diote irakasleen behin-behinekotasuna %38koa dela, eta Jaurlaritzaren arabera, %27koa da. Haurreskolak partzuergoan ere bildu da mahaia, baina ez dituzte jarrerak hurbildu. Sindikatuek salatu dute bilerarik ere ez dela izan sukaldarien eta garbiltzaileen arloan, eta heziketa berezian ere ez.
Hirugarren greba eguna da gaurkoa. Martxoaren 22an egin zuten bat, eta bestea, gaur zortzi, joan den asteartean. ELAk, LABek eta Steilasek antolatu dituzte hirurak, eta joan den asteartekora dei egin zuen CCOO sindikatuak ere; gaurko ez du egin deialdirik. UGTk ez du hiruretako bat ere babestu.
Greben parte hartze datuekin izan dute ika-mika aurreko aldietan. Sindikatuen arabera, langileen %80k egin zuten greba aurreko astean; Jaurlaritzak esan du %43 izan zirela. Sindikatuek diotenez, parte hartze datuei garrantzia ematen ari da gobernua, "benetako eztabaidan ez sartzeko". Parte hartzeari buruzko datuen diferentziaz galdetuta, hala esan zuen aurreko astean Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak: "Greba egin bai baina gure portzentajean ez dauden pertsonak baldin badaude eta lansaritik kentzea nahi badute, abisa dezatela".
Grebarako arrazoirik ez dagoela nabarmendu du gobernuak. Batetik, ohartarazi du sindikatuen eskari guztiak ez daudela Hezkuntza Sailaren esku; bestetik, ikasturte amaiera izanik, ikasleei kalte egiten zaiela. "Errealismoz" aritzeko eskatu die sindikatuei.
Grebaren harira, eguerdian manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian.
Artikulu honetan jasotako informazioaren zati bat Berria.eus-en argitaratu da eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu Plaentxia.eus-era.