Elesa Ganter Ibericak 19 langile ditu gaur egun, eta enpresak iberiar penintsulan duen ekoizpen eta logistika gune nagusia Soraluzekoa da. Aurten, milioi bat euro inguruko inbertsioa egin du 1.000 m2 dituen pabiloia egiteko.
Jesus Blanco gerentearen esanetan, espazio horrek produktuak stockean izateko ahalmen handiagoa emango dio enpresari, eta, ondorioz, merkatuan "lehiakorragoak" izango dira.
Elesa eta Ganter enpresetako arduradun nagusiek zuzendaritza eta langileak zoriondu zituzten urteotan egin duten lanarengatik eta Ibertiar penintsulako merkatuan liderrak izatea lortu dutelako. Carlo Bertanik, Elesa enpresa italiarraren zuzendari nagusiak honela adierazi zuen: “Inbertsio hau egiteko erabakia Ganter etxearekin batera hartu genuen, eta balioko du gure kolaboratzaileen balioa handitzeko. Izan ere, gure kolaboratzaile gehienak lurralde honetakoak dira, eta hemen, tradizio handia dago mekanika arloan eta lana gogor egiten. Helburua da gure konpainiari epe luzerako ikuspegia ematea."
Stefan Ganterrek, Ganter etxeko zuzendari nagusiak, bere miresmena adierazi zuen enpresak azken urteotan izan duen bilakaerarekiko: “Benetan diot, norbaitek esan izan balit lehenengoz hona etorri nintzenean, orain dela 10 urte, gaur hemen izango nintzela anpliazio handi hau ospatzen, ez nion sinesgarritasun osorik emango. Gaur, merkatu espainiarra gehien eta modu iraunkorrenean hazten ari den merkatuetako bat da."
Iker Aldazabal alkateak bere poza eta eskerrona adierazi zien enpresako ordezkariei, lantegian inbertsio garrantzitsua egitea erabaki dutelako: “Azken urteotan hainbat lantegi itxi dituzte herrian eta langabezi-tasa Gipuzkoako altuenetakoa da, halako inbertsioak oso garrantzitsuak dira herrian lanpostuak sortzen laguntzen dutelako. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet, eta, adierazi: etorkizunean ere Udalak prestutasun osoa izango duela behar duzuenean laguntzeko."