Institutuan irakasleen %59ak egin du greba; eta ikastetxean, %39k

Egoitz Unamuno 2017ko mai. 16a, 16:36

Hezkuntzako greba jarraipen garrantzitsua izan du herrian. Plaentxi herri ikastetxeko zuzendaritzak jakinarazi digunez, ikastetxeko irakasleen %39ak bat egin du grebarekin, eta, Institutuan, berriz, %59ak, LABek jakinarazi digunez. Ikastetxean, ikasleen %84,6a ez da eskolara joan.

ELAk, LABek, Steilasek eta CCOO sindikatuek egin dute gaurko grebarako deialdia, eta EHIGEk, Sortzen-ek, Ikasleen sindikatuek, EH Bilduk, Plataformen topaguneak eta ESK sindikatuak ere bat egin dute. Gaurko mobilizazioaren bitartez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote neurriak har ditzala hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko.

Gaurko eta hil honen 23rako deitutako egun osoko grebak hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko langileei dagozkie: Haurreskoletako, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Lanbide Heziketako irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaileei.