Gaztelekua inauguratu zuten barixakuan

Egoitz Unamuno 2017ko mai. 8a, 13:56

Joan zen barixaku arratsaldean egin zuten inaugurazio ekitaldia. Sukaldea, mahai jokoetarako gunea, sofak… eta beste hainbat baliabiderekin osatu dute kiroldegi gaineko espazioa.

Udaleko ordezkariekin batera, Denis Itsaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak ere parte hartu zuen ekitaldian, eta, baita, Pil-pilean Euskara Elkarteko ordezkariek ere; izan ere, Gaztelekua Kukumixo aisialdi taldeak kudeatuko du.

Erakundeetako ordezkariek euren poza azaldu zuten, Soraluzen gaztetxoek ondo hornitutako azpiegitura baliatu ahal izango dutelako aisialdirako. Gaztelekua gozatzeko desioarekin batera, berau zaintzeko beharra adierazi zuten.

Gaztelekuak hainbat gune eta baliabide eskaintzen ditu: sukaldea, futbolin eta pin-pon gunea, mahai jokoetarako gunea, sofak eta telebista dituen gunea eta hezitzaileendako lan-gunea bere ordenagailu eta guzti. Udalak, guztira, 45.000 euro gastatu ditu hutsik zegoen espazioa egokitzeko.  

Gaztetxo ugari eta zenbait guraso ere hurreratu ziren inaugurazio ekitaldira, eta ostean eskaini zuten luntxera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.