Lekuko batek argibideak eman ditu Josefa Arrillagaren hilketaren gainean

Egoitz Unamuno 2017ko api. 12a, 15:26
Josefa Arrizabalaga eta Pedro Aldazabal seme-alabekin. (Elgoibar 1936)

Josefa Arrillaga Arrizabalaga Aldaso baserrian bizi zen eta zortzi seme-alabaren ama zen. 1937ko martxoaren 30ean tiroz hil zuten bere baserriko leihoan. Larogei urte beranduago, lekuko batek hilketaren gaineko argibideak eman dizkie Elgoibar 1936 lan taldeko ikertzaileei.  

Joan zen martxoaren 30ean bete ziren laurogei urte Aldaso baserriko Josefa Arrillaga Arrizabalaga hil zutela. Josefa elgoibartarra zen jaiotzez, baina Soraluzera etorri zen bizi izatera, Ezozi auzoko Aldaso baserrira, Pedro Aldazabal Urreategirekin ezkondu eta gero. Hil zuten egunean, berrogeita zortzi urte zituen, eta zortzi seme-alabaren ama zen.

Soraluze 1936 lan taldetik adierazi digutenez, Isiltasuna Hausten libururako egindako ikerketan jakin zuten Josefa bere baserriko leihoan hil zutela, baina ez besterik. "Pentsatzekoa zen bando nazionalekoen tiroak jota hilko zela, baina ez zegoen testigantza zuzenik, eta, beraz, baieztatu barik laga behar izan genuen".

Aste honetan bertan, ordea, Elgoibar 1936 lan taldekoek Aldaso baserrira jo dute eta lekuko bat elkarrizketatu dute, Aitziber Aldazabalen, Aldaso baserrian bizi den Josefaren berbilobaren, laguntzarekin. Lekuko horrek baieztatu du Josefa erreketeek hil zutela, eta kontatu du "punteria probatzen" edo "jolasean" ari ziren bitartean hil zutela.

Lekukoak ez du publikoki bere izena agertu nahi izan, baina kontatu du gaztetxoa zela jakin zuena. Elgoibar 1936 lan taldekoek honela jaso dute testigantza euren blogean (https://elgoibar1936.info/soraluze/):

"Legarda inguruan zeuden erreketeak, nafarrak. Irailaren 22an sartu ziren Soraluzen, euskaldunak hiltzera sartu ziren. Bergaratik zetozen. Baserritarrek, balen beldurrez, gauean egiten zituzten ganaduarentzat nabuak [arbiak] ateratzeko lanak. Reketeak edozerri botatzen zioten tiroa: txakurra ateratzen bazen tiroa, oilua bazen tiroa… oilo asko hil zituzten, eta janaria ere kentzen zuten baserrietatik.

Reketeek “probamos la punteria”, ” yo la tengo mejor”, eta halakoak esaten zizkioten elkarri, eta Josefa lehiora atera zenean, tiroa eman zioten eta bertan hil zuten, goizean, esnea lehiora ateratzen ari zen momentuan.

Jolas bat bezela hartzen zuten. Josefa hil eta gero, “iremos a donde la hija a dar el pésame” esan omen zuten tiroa jo zioten soldaduek, eta bertako herritar batek honakoa esan zien: ”¿matais a la madre y le vais a dar el pésame? ¿estais locos?". Sekulako ekintza burutu izan balute bezala kontatzen zuten hau dena herrian.

Pedro, senarra, zortzi umerekin gelditu zen baserrian.

"Lehio honetan hil zuten Josefa Arrizabalaga. Parean ikusten den zelaian zebiltzan erreketeak. 2 parapeto zeuden bertan." Elgoibar 1936.