"Arrazoiaren eta emozioen arteko oreka bilatu behar da erabakiak hartzerako orduan" Raquel Muñoz

G.Azkarate 2017ko mar. 22a, 18:29

Raquel Muñoz, martitzeneko hitzaldian.

"Zaintzaileak zaindu" hitzaldiarekin eman zitzaion atzo hasiera Alkarri elkarteak antolatu duen pertsona nagusien lehenengo asteari. Raquel Muñoz psikologoak eskaini zuen hitzaldia eta dementziaren bat duten pertsonen zaintzaileek jasaten dituzten arazoei eta hauen konponbideei buruz berba egin zuen.

Juan Fernandezek, Alkarri elkarteko kideak, azaldu zuen herrian dagoen kasuistika kopuru handia izan dela "Zaintzailea zaindu" hitzaldia antolatzearen arrazoia. Raquel Muñoz psikologoa izan zen hizlaria, Muñozek herriko zaharren egoitzan lan egiten du psikologo moduan. 

Menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileek jasaten dituzten arazoei buruz eta hauek konpontzen saiatzeko estrategia batzuk planteatu zituen. Azpimarratu zuen, normalean, norabide bateko harremana nagusitzen dela, non zaintzaileak menpekotasuna duen pertsonaren kontrola bereganatzen duen. "Era honetako egoeretan menpekotasuna duen pertsonaren gaitasun urriak mugatzen ditugu eta ez diogu mesederik egiten". 

Muñozek bi zaintzaile mota bereizi zituen. Familiako zaintzaileak; hauek norbere bizitza albo batera uzten dute eta emozioek bultzatut,a ondoan duten pertsona zaintzea besterik ez dute buruan. Familiakoak ez direnak; hauek betebehar soil bat moduan hartzen dute eta zainketa mota hotzagoa da. "Zaintzaile zein menpekotasuna duen pertsonaren onerako erabakiak hartzeko unean, ezinbestekoa da bilatzea arrazoiaren eta emozioen arteko oreka".

Estresa eta haserrea, ohiko emozioak

Estresa eta haserrea nabarmendu zituen zaintzaileek sufritzen dituzten arazo nagusien artean. Estresa azaleratzen da menpekotasuna duen pertsonaren eskaerak zaintzailearen errekurtsoak gainditzen dituenean. Haserrea sortzen da lehenengo emozio moduan, inguruko pertsona bati dementzia diagnostikatzen diotenean."Urteak igaro ahala, modu batera imaginatzen dugu bizitza, baina, bat-batean, dena aldatzen da, eta erreakzio ohikoena haserrea izaten da. Gure burua erruduntzat jo, eta, askotan, galdera bera errepikatzen dugu:´zergatik tokatu zait niri?`".

Azkenik, laburbilduz, azaldu zuen, oso garrantzitsua dela arazoa identifikatzea eta errespetatzea, erabakiak hartzeko unean arrazoia eta emozioaren artean oreka bilatzea, eta jarrera positiboz jokatzea. Horrela, zaintzailea baloratua sentituko da, eta modu eraginkorrago batean zainduko ditu ingurukoak.