Soralucek inoiz egin duen makinarik handiena Italiara doa

E. Unamuno 2017ko mar. 18a, 09:00

Makina egiteko prozesua gidatu duten langileak, tartean, bi soraluzetar, Gil eta Ramos.

Soralucek amaitu berri du inoiz egin duen makinarik handiena: 13,5 metro altu, 17 metro luze eta 500 tonatik gorako pisua du.

Italiako MPC enpresak eskatuta egin dute; energia generadore erraldoien motorrak mekanizatzeko erabiliko dute eta 6 milioi euroko kostua izango du.

Prozesua Jesus Gil soraluzetarrak koordinatu du eta urte bi inguru iraun du. Orain, desmuntatu eta Bilboko portura eramango dute, eta handik Italiara joango da, itsasontziz.

Gaur egun, Soraluce S. Coop.-ek 220 langile inguru ditu, eta horietatik 27 Soraluzen bizi dira. Laster, antzeko beste makina bat egingo ei dute, Hego Afrikara bidaltzeko.

Pabiloia eraikitzeko leku bila 

Soralucek jakinarazi digunez, etorkizunean, pabiloi propio bat eraikitzeko asmoa dute, halako neurriko makinak muntatu ahal izateko bezain handia izango dena, eta inguruetan pabiloi hori eraikitzeko leku egoki baten bila dabiltza. Azaldu digutenez, Mekolaldeko eraikina ez da behar bezain handia, eta azkenengo makina hau Danobat taldeak Elgoibarren duen pabiloian muntatu behar izan dute.