Harritutako dago azkenaldian jaso dituen omenaldi eta dei ugariekin: “herri dana enterau da, eta ez dakit zegaittik izan dan, txokauta nao”. Hala ere, umorez hartu du ehungarren urtebetetzeak ekarri dion aztoramendua; “harrotuta nao, andrak be esaten doste guapo naola, guapiiisimo, ta etxera juandakuan espiluan begiratu eta esaten dot neure artian, ‘aguretxo bat haiz’”.
Ernabide Donostian bizi da eta eguneroko bizimoduaz galdetuta, dio, bizimodu “normala” egiten duela: “Goizian lo egitten dot bederatzirak aldera arte. Gero pasiau egitten dot eta irakurri. Koldo Mitxelena liburutegira juaten naiz eta periodikua edo liburutxon bat irakurtzen dot”. Irakurtzeko afizio handia izan duela dio: “Nik asko irakurri dot. Lanian nenbilenian be ni beti ohera liburuakin juaten nintzan. Euki izan baneu retenziñua izango nintzan intelektuala, baina gero ahaztu egitten jata dana (barreak)”.
Ahaztu ez zaizkionak gerra garaiko oroitzapenak dira. Boluntario joan zen gerrara, aitaren eta lagunen eraginez, Izquierda Republicanarekin, baina nazionalisten batailoira aldatu zen laster: “Hazaña batailoian jarduten zeben gaizki esaka nazionalistegaittik eta Usurbilen gendela, handik borrau eta sartu nintzan Loiola batailoian”. Beranduago, Laredon hartu zuten preso, eta presondegi batetik bestera erabili zuten: Castro, Iratxeko monastegia eta azkenik Lermara (Burgos), “trabajadoreen batailoira”. Egoera “terribleak” ikustea tokatu zitzaion arren, dio, gerran pertsona “oso onak” ere ezagutu zituela, “danian dare danerakuak”.
Argazki oina: Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera, Donibane Lohitzunen (1959).
Gerratik bueltan, hogeita bat urterekin, etxera bueltatu zen eta lanean hasi zen. Gaztetxotan Eibarko Star lantegian lanean ibilitakoa zen aprendiz moduan eta gerra ostean Andoaingo arma lantegian hasi zen lanean. Lan egin ostean, Donostiako gau eskoletan jarduten zuen ikasten.
Gero, Soraluzera ezkondu zen, eta Argarateneko tornillerian lanean jardun eta gero, bere kontura hastea erabaki zuen. Beste bi lagunekin batera, Iterga torloju lantegia jarri zuten martxan: “lan asko egin dot, esklabuen moduan. Lehenengo hamalau ordu, gero hamabi, gero hamar…normalizau zan arte. Ez naiz izan inteligentia baina bai sakrifikaua; itxuria ez da txarra! (barreak)”.
Bizitzan izan duen momenturik gogorrena alaba eta iloba istripuan galdu zituenekoa izan omen zen: “Hilabetian ez neban jan be egin eta pentzatzen neban sekula ez nebala superauko baina tira, denporiakin pasau neban haura be. Ke remedio!”. Bere bizitzan pisu handienetakoa izan duen beste ezaugarria, adoptatua izatearena izan da: “Sei urtekin konturatu nintzan, amakin Diputaziñora juan eta negarrez ikusi nebanian. Haura momentua geratu jatan bihotzian. Ni Zizurkilgua naiz jaiotzez eta gero Osintxun bizi izan nintzan Kakuatarrekin. ‘Herri umia’ esaten jakon lehen”. Bere garaian, bere jatorrizko abizena berreskuratu zuen, eta, harrezkero, harrotasunez azaldu du beti bere jatorria.
Hirurogeita bederatzi urterekin jubilatu zen. Lantegian “diru pixkat” ere irabazi omen zuen eta Donostian etxe bat erosi zuen gero, gaur egunean bizitoki nagusia duena. Bidaiatzea ere oso gustuko izan du, eta asko bidaiatu du Europan zehar. Bereziki gogoan du loibarekin batera Londresera egin zuen bidaia; Mantxako kanala pasatu zutenekoa. Bidaiatzearekin batera, geopolitika da Ernabideren veste afizio nagusienetako bat. Gaur egun ere interes handiarekin jarraitzen ditu nazioarteko gora beherak: “Batez be, Estados Unidos eta Rusia. Rusiak Krimea konkistau dau eta Europa atakauko baleu, daukan indarrakin, konkistauko leuke”. Euskal Herriko egoera politikoaz galdetuta, epe ertainean ez da oso itxaropentxua: “Hemen oindio urte asko pasau biharko dabe elkarrekin konpontzeko”.
Argazki oina: Medirraneoan oporretan.
Gidatzea izan du beste afizioetako bat, baina, oraintsu, agiria kadukatu zaionean erabaki du ez berriztea: “Nik disfrutau egitten dot konduzitzen baina akzidente bat eukiko baneu, jentiak esango leuke ‘merezitta jeukan, daukan edadiakin’ ”. Hala ere, aitortu digu Soraluzera etortzen den aldiro hartzen duela autoa, “garajian ibiltzen naiz”.
Beste ezeren gainetik afizioak eta pozak azpimarratzen dituen pertsona da Inazio Ernabide. Ehun urterekin, ase ezinezko jakinmina mantentzen jarraitzen du, “jakitzeko gogua terriblia”. Bizitza, bizi beharreko abentura bat bailitzan bizi izan du, eta bizi du, orain ere. Zorionak eta urte askotarako, Inazio!