Maiatzaren 7ko kontsultak badu galdera

E. Unamuno 2017ko ots. 20a, 17:10

Joan zen eguenean erabaki zuten  zein izango den Gure Esku Dagok maiatzaren 7an soraluzetarrei egingo dien galdera:"Nahi al duzu Euskal Herri Independente bateko herritarra izan?". Horixe izan zen bozkarik gehien jaso zituen aukera.

Gure Esku Dagoren ordezkari Iñaki Amuategik azaldu zuenez, kontsulta antolatzen diharduen taldea gustora dago galdera adosteko prozesuan izan den parte hartzearekin. Guztira, 148 soraluzetarrek eman dute iritzia egin beharreko galderaren inguruan, eta proposamenak egiterako orduan bezala, egueneko batzarrean ere, estatu independentearen gainean galdetzearen aukera gailendu zen.

Eguenean hasiko dute sinadura bilketa

Eguen honetan bertan hasiko dute sinadura-bilketa, kontsultarekiko herritarren babesa jasotzeko. Apirilaren 1era bitartean, eguen, barixaku eta igandetan jarriko dute mahaia kalean, eguerdi eta iluntzetan. Denbora tarte horretan, hamasei urtetik gorako 400 soraluzetarren sinadurak batzea izango dute helburu erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduko kideek. 

Boluntarioak behar dituzte

Datozen hilabeteotan hainbat lan-talde sortuko dituzte maiatzeko kontsulta antolatzeko lanetan jarduteko, eta boluntarioak behar dituzte horietan parte hartzeko:

- Berme batzordea: kontsulta egunean dena ondo doala ziurtatuko duen batzordea izango da. Batzorde honetarako zuzenbidearen inguruan ezagutzaren bat duen pertsonak behar dituzte: abokatuak, juristak, politologoak... 

- Jarraipen batzordea: kontsultaren egunean bozkatzeko mahaietan laguntzeaz arduratuko den batzordea izango da. Herritarrak behar dituzte berau osatzeko. 

- Zaindariak: segurtasunaz arduratuko diren herritarrak. 

- Informatikariak: kontsulta egunean erabiliko den sistema informatiboaren gaineko ardura izango dute. Hainbat informatikari behar dituzte txandak antolatzeko.