Iazko moduan, aurtengoan ere, Osintxuko Ezenarro anaien lurretan egin zituzten Zuhaitz Eguneko landaketak, Zubero izeneko lur sailetan, iazko landaketak baino goraxeago. Landaketak egin ostean, hamaiketakoa egin zuten Urkiazelaiko Izei ekartean.
Goizean, landaketari ekin aurretik, Martin eta Julian anaiek Oilarraitz izeneko haitzeraino garbitu duten bidea erakutsi zieten Mendi Taldearekin oinez etorri ziren herritarrei. Izan ere, anai biek Ipiñarrietatik gora doan pistatik Oilarraitzera doan bidea garbitu eta seinaleztatu dute, "oinezkoak bertatik ibili ahal izan daitezen".