Salaketa, zapatuan gertatutako erasoa dela-eta

E. Unamuno 2016ko abe. 29a, 10:06

Zapatu gauean Mari Domingi eta Olentzeroren panpinei egindako erasoa dela-eta, prestaketa lanetan jardun duten Pil-pileaneko kideek gogor salatu nahi dituzte ezezagunek bertan eragindako kalteak.

"Domeka goizean, Plaza Berriko etxolara hurreratu ginenean, ikusi genuen zela Mari Domingiren panpinari begiak atera zizkioten eta ahoan artaburua sartu. Olentzeroren panpinari berriz, hankak okertu eta txapelaren tokian Aita Noelen gorro bat jarri zioten. Horrez gainera, ardi bat bere lekutik atera zuten eta belarriak eta narrua erauzi zizkioten.  

Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia halako eraso bat gertatzen dena. Iaz ere, gabon gauean, antzeko zerbait gertatu zen. Orduko hartan ere, kalteak eragin zizkieten panpinei, batez ere, Mari Domingiren panpinari, labana batekin aurpegia moztuz eta desitxuratuz.

Larria da herriko elkarte batek herriko umeen gozamenerako jarritako artelana erasotzea, baina are eta larriagoa da, erasoan ezaugarri sexistak antzematen direnean. Hori dela eta, gure haserrea adierazi nahi dugu eta ozen salatu eraso hori egin dutenen portaera.

Gure asmoa da, egun batzuen buruan, panpinak konpondu eta berriz ere bere lekuan jartzea, eta soraluzetar guztiei eskatu nahi dizuegu, urtero horrenbeste maitasun eta ilusiorekin umeendako jartzen dugun erreprodukzioa zaintzen lagun diezaguten.  

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu egunotan zuen babesa adierazi diguzuen herritar guztioi (udaletxera galdezka jo duzuen umeok barne), etorkizunean ere lanean jarraitzeko ilusioa ematen diguzuelako!.   

Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera prestatzeko lan-taldeko kideak.

Naiara Kortabarria, Miren Gallastegi, Maite Quintanilla, Maite Garmendia, Ion Perez, Mireia Lamariano, Goreti Goyogana, Egoitz Unamuno eta Tere Guenetxea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.