“Erabakitziak libriago egitten gaittu” ekitaldia, Gure Esku Dagok antolatuta

E. Unamuno 2016ko abe. 25a, 21:35
Galdeketa antolatzeko osatu duten herritar taldea.

Soraluzeko Gure Esku Dagok kantua, margoa eta dantza uztartuko dituen ekitaldia antolatu du abenduaren 29rako (eguena). Udaberrian egingo den galdeketari begira “herria girotu eta soraluzetarren parte hartzea sustatzea” izango du helburu.

2017an zehar, Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruan iritzia agertzeko herri-galdeketak egingo dira Euskal Herriko 137 herritan, eta 520.000 herritar baino gehiagok izango dute euretan parte hartzeko aukera. Soraluzen udaberrian egingo dute galdeketa, Debabarreneko beste herri batzuekin batera (Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku…).  

Prozesua abiatzeko ekitaldia

Galdeketa prestatzeko prozesuari hasiera emateko, abenduaren 29an, “Erabakitziak libriago egitten gaittu” ekitaldia antolatu du Soraluzeko Gure Esku Dagok: “herria girotu eta soraluzetarren parte hartzea sustatzeko”. Ekitaldia antzokian egingo da, arratsaldeko 19:00etan, eta aurreratu dutenez, kantua, margoa eta dantza uztartuko dituen emanaldia eskainiko du hainbat soraluzetarrek. Herriko hainbat artistek parte hartuko ei dute.

Ondorengo hilabeteetako zereginak  

Ondorengo hilabeteotan, galdeketa prestatzeko antolatuko diren gainerako ekimenen abiapuntua izatea nahi dute. Hurrengo zeregina herritarren sinadurak batzea izango da: Soraluzeko biztanlegoaren %10ak, 400 pertsonak, galdeketaren alde sinatzea. Ondoren, galdeketan egin beharreko galdera zein izango den zehaztuko dute, eta, azkenik, galdeketa egin ahal izateko azpiegitura tekniko guztia prestatu beharko dute: errolda, berme batzordea, boto kutxa…  Azaroan aurkeztu zuten herritar taldeak gidatuko du prozesua.

Lan taldeak dei egin nahi die soraluzetar guztiei, galdeketa prestatzeko prozesuan parte har dezaten. Lehenengo hitzordua abenduaren 29an izango da, antzokian.