Euskal preso eta iheslari ohiek Euskal Herri mailan martxan jarri duten ekimena da Kalera Kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera, preso eta ihesean jarraitzen dutenei babesa eskaintzeko. Ekimen horrekin bat eginez hainbat herritarrek ekitaldia egin zuten atzo herrian. Elkartasunezko kalejira bat egin ostean, manifestua irakurri zuten. Gero, egun horretarako jarritako bertsoak kantatu zituzten eta "Kalera kalera" abestia ezaguna ere bai. Amaitzeko, gaztetxe barruan pintxoak eta "Mantazpitik" taldearen musika emanaldia izan ziren.
ETAk borroka armatuaren erabilera alboratu zuela bost urte baino gehiago bete direnean, ekimenaren deitzaileek nabarmendu dute presoen egoerak "txarrera" egin duela: "Sakabanaketa eta urruntze politikek bere horretan diraute, eta baita isolamendu politikak ere". Uste dute gatazkaren ondorioak gainditzeko "ezinbestekoa" dela presoen eta iheslarien gaia konpontzea.
Adierazi dute espetxea eta erbestea ezagutu dutenek argi dutela: "ez goaz etxera, kalera goaz borrokan jarraitzera". Era berean, azpimarratu dute Kalera Kalera ekimena "presoek jasaten dituzten giza-eskubideen urraketak salatzeko ekimen osagarria" dela; "gehiengo sindikal, politiko edota erakundeek antolatutako ekimenen osagarri. Kalera kalera espetxeak husteko exigentzia da, baita bakea eta askatasuna irabaztekoa ere". Hori dela eta, dei egin diete herritarrei, presoen eskubideen alde mobiliza daitezen.
Ikusi Kalera Kalera ekimenaren bideoklipa hemen