Zapatuan azoka eta jaia, euripean bada ere

E. Unamuno 2016ko aza. 7a, 23:11

Argazkilaria: Carlos De Cos.

Gaztañerre azokaren 21. edizioa ospatuko da zapatuan. Iragarpenek giro bustia iragarri badute ere, jendetza espero da urteko jairik nagusienetakoan. Ohiko moduan, baserritarren azoka eta jai-giroko ekimenak uztartuko dira egunean zehar.

Goizeko bederatzietan emango zaio hasiera azokari. Postu kopurua aurreko urteetakoaren antzekoa izango da: 33 postu. Herrian ekoitzitako janariekin osatutako postuak 9 izango dira, artisauenak 15 eta ganaduzaleenak 9.  Azpimarratzekoa da, aurten, barazkigileei dagokien atalean, postu bat gehiago izango dela, Arteaga baserriko Roke Akizuk etxeko barazkiekin osatutako postua jarriko du eta. Gainerakoan, Kontrargik datorren urterako egutegia jarriko du salgai eta irailean argitaratu zen Benantzio Iñurrietaren gaineko liburua ere salgai izango da azokan. 

Goizean zehar, beste hainbat ekimen izango dira: Gazte asanbladak herri-kirol erakustaldia antolatu du 11:00etan Plaza Berrian eta Misioetako taldeak etxean egindako gozoak saltzeko postua jarriko du Kontzejupean. Pil-pileanek, berriz, talo postua jarriko du, bazkal aurretik urdailak goxatzeko. Unai eta Oier Larreategi anaiak kalez kale ibiliko dira trikitiarekin eta txistulariak ere bai.  

Eguerdiko 12.30ean ekitaldia egingo da Erregetxeko azoka-gunean. Bertan, Urrats dantza taldeko dantzari txikiek dantza-saioa eskainiko dute; jarraian, baserrian bizi diren aitita-amama nagusienak omenduko dituzte: Martina Ansola Andoaga Txurruka Azpi baserrikoa eta Mateo Oruesagasti Txurruka Ostegieta baserrikoa, 1929an jaiotakoak biak; ostean, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariek saio librea eskainiko dute; eta amaitzeko, azokan parte hartu duten baserritar barazkigileen hiru posturik onenak sarituko dituzte. Azoka jasotakoan, baserritarren bazkaria ospatuko da Armendia jatetxean.

Karpan herri-babajana egingo da Pil-pileanek antolatuta eta bazkal osterako kantu-saioa iragarri dute. Gaztetxean ere babajana antolatu dute, herriko beste hainbat elkarte eta jatetxeetan bezala. Iluntzean Iratzar erromeria taldeak joko du karpan 19:00etan hasi eta 22:00etara bitartean. Gauerdian hasita, berriz, bigarren erromeria hasiko da Gaztetxean Fan & Go taldeak girotuta.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.