“Euskal Herrian kubatarrak oso maitatuak izan gara beti” Jabier Argote "Jabiel"

G.Azkarate 2016ko aza. 2a, 09:52
Javier Argote Torras "Javiel"

Javier Argote-k, herrian “Jabiel” izenez ezaguna denak, 2005. urtean utzi zuen bere Habana maitea Soraluzen lur hartzeko. Beraz, 11 urte daramatza Euskal Herrian, bere bigarren aberrian.

Javier Argote Torras, Soraluzen bizi den kubatarra.

Zerk bultzatu zintuen hona etortzera?

Maitasunak ekarri ninduen Euskal Herrira. Neska bat ezagutu nuen 2001. urtean, gutunak idazten genizkion elkarri, abuztu guztietan ni bisitatzera etortzen zen eta 2004. urtean ezkondu egin ginen.

Hiritik herrira... a ze aldaketa.

Klimarena izan zen niretzat aldaketa handiena. Kuban 30 gradu egiten ditu bataz-beste urte osoan zehar. Kultura eta bertako jendea ere oso ezberdinak dira, baina Euskal Herrian kubatarrak oso maitatuak izan gara beti.

Villaclaran, Che Guevararen mausoleo ondoan, 2003an

Soraluzetarrek zelako harrera egin zizuten?

Harrera izugarria izan zen, kubatarrak izaeraz zabalak eta berba asko egitekoak gara eta euskaldunak  itxiagoak direla diote baina ni arduratu nintzen herritarren artean alaitasuna eta giro ona jartzeaz. Esaerak dioen moduan, “kubatar bat Alaskara bidaliz gero, toundra-rekin (izoztutako zorupea) ere sozializatuko da”.

Zer botatzen duzu faltan?

Familia eta, batez ere, nire alaba; 20 urte zituela ikusi nuen azken aldiz eta orain 26 urte ditu. Horrez gain, bertako kultura, azken finean norbere erroak ez dira ahazten, eta horrek definitzen zaitu pertsona moduan.

Nola mantentzen duzu kontaktua etxekoekin?

Internetak asko lagundu du zentzu horretan; helbide elektronikoaren bidez, skype bidez eta horrelakoen bidez mantentzen dut harremana etxekoekin.

Alaba, anaia, aitarekin 2008ko abuztuan

Zelakoa da egoera Kuban?

Kubatarra “musikala” dela esaten dute, dagoena umorez hartu eta horrekin bizitzera ohitzen saiatzen da. Garapena eta teknologia berandu iritsi dira, baina ez da ezer pasatzen; orain dela gutxira arte ezin genuen helbide elektronikorik  izan, ezin genuen bidaiatu...baina jendeak ez du bidaiatzearekin pentsatzen bertako egoera hobetzearekin pentsatzen du.

Zerk harritu zintuen gehien?

Mendiek. Kuban ere mendi handiak daude eta etxean bezala sentitzen nintzen. Dena den, kubatarrak itsastarrak gara eta Ondarrura lehen aldiz joan nintzenean asko gozatu nuen.

Eta euskararekin nola konpontzen zara?

Niretzat hizkuntza oso zaila da eta ez neukan bere berririk. Gaur egun, hitz solte batzuk erabiltzen ditut egunerokoan, aisialdirako eta lagunak agurtzeko; kaña bat, bai, zer moduz, eskerrik asko...kubatar ukituarekin noski.

Anai arrebak, aitaren emaztea, iloba eta Ainhoa, 2002an