Herri galdeketa antolatuko duen taldea aurkeztu du Gure Esku Dagok

Erredakzioa 2016ko urr. 23a, 18:52

Zapatu goizean agerraldia egin zuten herri-galdeketa antolatzeko lanean jardungo duen taldeko kideek. Galdeketa datorren urtean antolatzeko asmoa adierazi zuten eta dei egin zieten herritarrei “etorkizuna erabakitzeko proiektu kolektiboan” parte har dezaten. 

Zapatuko goizean, Zubi Nagusian ezarritako egurrezko eskuaren aurrean, 2017an Soraluzen herri-galdeketa egitea bultzatuko duen taldea aurkeztu zuten. Taldean parte hartzeko aukera zabalik dagoen arren, dagoeneko 18 bat herritarrek parte hartzen dute bertan, adin eta sentsibilitate ezberdinetakoek.

Arrate Gisasola eta Xabier Alberdi taldeko kideek irakurri zuten adierazpenean adierazi zutenez “sentsibilitate ezberdinetako soraluzetarrak elkartzeko gune bat” sortzeko asmoa dute, “gure herriaren etorkizuna oztoporik gabe erabakitzeko eskubidea” gauzatzea helburu izango duena.

Taldea eguaztenero batuko da Elkargunean (Itxaropena ondoko lokalean), 19:00etatik 20:30era bitartean eta dei egin diete16 urtetik gorako herritar guztiei parte hartzera. Jakinarazi zutenez, 2017an Euskal Herriko 100 herri baino gehiagotan iragarri dituzte galdeketak eta “soraluzetarron esku egongo da Soraluzen ere antolatzea”.

Adierazpena irakurri ostean, ekintza sinbolikoa modura, taldeko kideek botopaperak sartu zituzten boto-kutxa batean.