Udalak aldaketak ezarriko ditu ludoteka eta gazteleku zerbitzuetan

E. Unamuno 2016ko urr. 20a, 14:08

Datozen hilabeteotan udalak hainbat aldaketa bideratuko ditu ludoteka eta gazteleku zerbitzuetan: ordutegi eta egutegi aldaketak, azpiegituretan hobekuntzak, zerbitzuen kudeaketa bateratua... Patricia Borinagak adierazi du “ume eta gaztetxoen aisialdiko ohitura berriei hobeto erantzutea” dela aldaketen helburua. 

Patricia Borinagak Haurren eta Gazteen saileko batzordeburuak azaldu duenez, hasi berria den ikasturteari begira, udalak hainbat neurri hartu ditu ludotekaren eta gaztelekuaren zerbitzuak “hobetzeko”. Udalak Urtxintxa aisialdi taldeak osatu duen txostena eta bertan jasotako ondorioak hartu ditu oinarri: “Orain hilabete batzuk, Bilduk proposatu zuen ludotekaren eta gaztelekuaren etorkizuneko jardunaz gogoeta egitea, parte hartze prozesu baten bitartez. Guk begi onez ikusi genuen eta Urtxintxa aisialdi taldeak gidatuta, hainbat saio egin ziren hezitzaile, guraso eta umeekin. Ondoren txostena osatu zuten hainbat ondoriorekin”.

Urtxintxak landu duen txostenaren arabera "ludoteka zaharkitua gelditu da eta ez da erakargarria gertatzen adin batetik gorako haurrentzat; gaztelekuak ez dauka lokal propiorik eta kiroldegiarekin konpartitu behar du; gaztelekuko hezitzaileen lan-baldintzak oso kaskarrak dira; zerbitzu biak era ezberdinean kudeatzen dira eta horrek koordinazio arazoak sortzen ditu, etab”.

Udal gobernu taldeak “orain arteko eskaintzaren eta erabiltzaileek egiten dituzten eskarien arteko aldea gutxitzeko asmoz” hainbat aldaketa bideratuko ditu ludoteka eta gaztelekuaren jardunean:

  • Ordutegi aldaketak. Eguneko azkenengo txanda, 19:00etatik 20:00etara bitartekoa, bertan behera laga dute asistentzia txikia zelako eta aurreko bi txandetan gaztetxoak nahastu egin dituzte (4-5 urte, LH 1-2, LH 3-4). Barixakuetan, berriz, 17:00etatik 19:00etara bitartean, gaztetxoek nahi dutenean sartu eta ateratzeko aukera dute orain. Gainera, orain arte ez bezala, barixakuetan, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Gaztelekua zabalik izango da LH5-6 mailako gaztetxoendako. Eta hain zuzen ere, maila horietan, 3-4 eta 5-6, gertatu da igoerarik nabarmenena aurtengo matrikulazioan, izan ere, 45 eta 49 gaztetxo matrikulatu dira, hurrenez urren.

  • Egutegi aldaketak. Aste Santuan eta Gabonetan, haur eta nerabeek denbora libre ugari dutela kontuan hartuta, eta zerbitzuen izaera jarraia eta iraunkorra izan dezaten, ludoteka eta gaztelekua zabalik izango dira. Gaztelekua, gainera, lehen ez bezala, asteburu guztietan zabalduko da.

  • Azpiegituretan hobekuntzak. Ludotekaren lokala handituko da, alboko gela ere horretarako egokituz (Udalak Krabelin pintura eskolari beste gela bat eskainiko dio Frontoiko eraikinean). Horrek aukera emango ei du haurrek espazio gehiago izateko eta ludoteka 3. eta 4. mailako haurrentzako erakargarriagoa egiteko (sukaldea, futbolina…) Gaztelekua, aldiz, tokiz aldatuko da, kiroldegiaren gaineko lokalera, espazio gehiago, sukalde eta abarrekin.

  • Kudeaketa bateratua eta esleitua. Udalak ludoteka eta gaztelekuaren kudeaketa esleitu eta kudeatzaile bakarraren esku lagako du, bi zerbitzuak era koordinatuan kudeatu ditzan. Borinagaren esanetan “ udalak ez du ahalmenik gaur egun 6 langile dituzten zerbitzuok kontratazio zuzenaren bidez eta malgutasunez eskaini ahal izateko, eta horregatik erabaki dugu zerbitzuon kudeaketa azpikontratatzea. Lan-baldintzak Aldundiak zehazten dituenak izango dira, arloko lan-hitzarmenaren araberakoak eta gaztelekuaren kasuan orain artean hezitzaileek zeuzkaten baino hobeak. Horrek ziurtatzen du ludotekarekin batera gaztelekuan ere kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izango dela”. Deialdia urte amaiera baino lehen aterako da eta herriko aisialdi taldeak bezala, kanpoko taldeek ere aurkeztu ahal izango dute.

Borinagaren ustez, “Urtxintxak txostenean jasotako hobekuntza proposamenak logikoak dira eta balioko dute zerbitzuek hobeto erantzun diezaieten gaur eguneko erabiltzaileen eskariei. Udalari gastua dezente handitzea suposatuko dion arren, guk lehentasuntzat dugu umeen eta gaztetxoen aisialdirako eskaintza eta inbertsio moduan kontsideratuko dugu. Soraluzen ez dago herri handietan dagoen aukerarik eta ziurtatu nahi dugu aisialdian aukera duina izatea”.