Sare herritarrak, preso eta iheslarien giza-eskubideen aldeko mugimenduak, martxan jarri berri du "Salatzen dut" ekimena, "jendarte zibilaren inplikazio handiagoa, eta alderdi politiko nahiz euskal instituzioen konpromiso handiagoa lortzeko helburua duena". Sarek "aktibazio ziklo berri bat ireki" nahi duela adierazi du, euskal presoen eta beraien senideen eskubideak errespetarazteko helburuarekin.
Hereneguun Sarek manifestazioaren berri emateko eskaini zuen prentsaurrekoan Joseba Azkarraga bozeramaileak ondorengoa adierazi zuen: "Ez dugu eskatzen, iada barne legedian eta nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legea betetzea eta gizatasun pixka bat izatea da eskatzen duguna. ESKUBIDE hau, nazioarteko itun ezberdinek ere jasoa da, horien artean 2015/12/17ko Nazio Batuen gomendioek, “Mandela Arauek” barne. Hain zaila al da, beraien legedia betetzea? Hain zaila al da, 10 euskal preso hauen kasuak aztertzea, soilik lege eta giza eskubide ikuspegitik?".
Urriak 15erako antolatu dute lehenengo mobilizazioa, "gaixo larriak etxera" lemapean egingo dena. Manifestazioa Donostian egingo da eta arratsaldeko 5etan abiatuko da Bulebarretik.
Soraluzeko Sarek manifestaziora joateko autobusa antolatu du Debabarreneko gainerako herriekin batera. Autobusa arratsaldeko 16:00etan aterako da Estaziñoko geltokitik. Lekua hartzeko aurrez izena eman behar da Bolia eta Arrano tabernetan, urriaren 13a baino lehen.