Bizikleta martxa Soraluzetik

Erredakzioa 2016ko ira. 30a, 11:27

Aranzadi Ikastolak antolatuta Soraluzetik bizikleta martxan aterako da domenak, 9:00etan eta 10:30ean "bidegorriaren hasieratik". Bergaran zaindutako aparkalekuetan laga ahalko da bizikleta.

Aranzadi Ikastolak, Kilometroak 2016ren antolatzaileak, dei egin die Debarroko herritarrei, bizikleta erabil dezaten Bergarara hurbiltzeko igandean, Kilometroak egunean. Hala, modu "eroso, jasangarri, osasungarri eta merkeenean" mugitu ahalko dira herritik herrira. Debagoienean zein Debabarrenean, elkarren artean bidegorri bidez lotuta daude ia herri guztiak. Horrek ahalbidetzen du autoa edo bus publikoa erabili behar ez izatea garraiatzeko. "Eguraldia ere lagun izango dugula ematen du; hortaz, igandean, erabili bizikleta" esan du Ekaitz Aranberri Kilometroak 2016ko koordinatzaileak.

Hala, igandean, Arrasate, Oñati, Antzuola eta Soraluzetik antolatuko dituzte bizikleta martxak. Bi martxa izango dira herri horietatik. Bata, 09:00etan aterako da; bestea, 10:30ean. Antzuolatik, bigarrena, 10:00etan aterako da.

Arrasaten, Eroskiko aparkalekutik abiatuta; Oñatin, Etxe Aunditik; Antzuolatik, plazatik, eta, Soraluzetik, bidegorri hasieratik.