Benan Oregi: “Benantzio ez zen heroia, bere garaiko pertsona arrunta zen”

E. Unamuno 2016ko ira. 22a, 23:58

Zein zen Benantzio Iñurrieta Aguirregomozcorta?

Benantzio izan zen bere garaiko gizon bat. Ez zen heroia, bere garaiko pertsona arrunta zen. Esango nuke oso zintzoa, elizkoia, euskaltzalea eta oso euskalduna zela. 17 urterako Soraluzeko Uri Buru Batzarreko idazkari aukeratu zuten, baina aurretik, Juventud Integrista de Guipuzcoaren sorreran parte hartu zuen, bokal moduan, hamabost urterekin. Integrismotik abertzaletasunerako bidea egin zuen, Gipuzkoan beste askok egin zuten bezala. Handik urte batzuetara zinegotzi izateko aurkeztu zen EAJtik.

Liburuak zinegotzi moduan egindako ibilbidea kontatzen du, gartzelako ibilerak eta baita bizitzan hartu behar izan zituen bi erabaki garrantzitsuren berri ere. 

Zein izan ziren erabaki horiek?

Lehen erabakia tropa frankistak herrira heldu zirenean hartu behar izan zuen eta azken momentuan gelditzea erabaki zuen. Ingurukoek uste zuten hain katolikoa eta 7 seme-alabaren aita izanda, ez ziotela kalterik egingo. Oker zegoen. Berehala atxilotu zuten eta ia 4 urte egin zituen preso, oso baldintza gogorretan. Bigarren erabakia, Iruñeako Ezkaban preso zegoela antolatu zen ihesaldian ez parte hartzea izan zen. Ihesaldi horretan 800 presok ihes egin zuten baina hiruk bakarrik lortu zuten Frantziako muga zeharkatzea; 200 ametrailatu egin zituzten bide bazterretan eta gainerakoek baldintza beldurgarrietan bizi behar izan zuten bueltatu zirenean.  Amanak urteetan gorde egin zituen aititak gartzelatik bidalitako gutunak.

Zela pentsatu zenuen gutunekin liburua osatzea?

Duela urte batzuk konturatu nintzen amonak gutunak hari batekin lotuta zituela eta pentsatu nuen ez zela modurik egokiena iraun zezaten. Gutunak askatu eta digitalizatu egin nituen, gero CDtan familiakoei banatzeko. Baina ez zen nahikoa izan eta orduan beste zerbait egitea pentsatu nuen. Lehengusuekin berba egin eta Xabier Irujo historialariarekin batu ginen. Berak esan zigun berari liburu baterako material interesgarria iruditzen zitzaiola eta aurrera egitea erabaki genuen. Orain, gutunak nonbaiten behar bezala jasota geratzea nahi dugu eta edozeinen eskura. Aztertzen dihardugu Gogora institutuari lagatzea. 

Zer kontatzen du gutunetan?

Gutunetan ez du gauza asko kontatzen. Batez ere du eguneroko aldarteaz hitz egitendu, preso egonda irteteko sortzen diren esperantzez, familiako kontuez… sentimenduz betetakoak dira. Jaungoikoa eta erlijioa ere sarri aipatzen ditu. Oso sinestuna zen eta horretxek salbatu zuen. Sinestunak ez ziren presoek ez zuten ulertzen hori. Dena dela, gutunena aitzakia izan da gero bere bizitza arakatzeko.

Gutunetako edukiaz gain, bestelako kontuak ere jasotzen ditu liburuak.

Bai, gutunetan ageri den informazioaz gain, garaiko testuinguruaren zein bere bizitzako beste hainbat konturen berri ere eman dugu: erlijioa, familia, abertzaletasuna, euskaltzaletasuna eta bertsozaletasuna... Horretarako, ikerketa-lan gogorra egin behar izan dugu:  udaletxeko aktak arakatu, adituekin eta familiakoekin hitz egin, irakurri…

Zein irakurle izan duzu gogoan liburua idazten jardun duzunean?

Neure burua eta familia. Liburua idaztea oso kontu pertsonala izan da eta, batez ere, familiako ondorengoei lagatako ondare ederra da. Gerora, konturatu naiz aititaren historia herriko eta Euskal Herriko historiaren parte ere badela.

Gure aititaren historia belaunaldi baten historia da. Liburu honekin nahi genuke beste familia batzuk animatzea etxean eduki dezaketen hori kontatzeko. Uste dut orduko gertakizunak kontatzeak balio dezakeela gerrak laga zituen zauriak sendatzeko. Irakurri berri dut egunkari batean Jose Saramagoren zita bat. Hala dio: “memoria historikoa zaindu egin behar da, ze isiltasunak ahanztura dakar eta ahanzturak indiferentzia”. Hauxe da nere ekarpena.