Gerraurrean EAJko zinegotzia izan zen Benantzio Iñurrieta. Gerra hasi zenean kartzelaratu egin zuten, eta lau urte eta erdi eman zituen preso, frankisten esku; besteak beste, Iruñeako Ezkaban. 1936-1940 bitartean preso zegoela, kartzeletatik etxera bidali zituen 256 gutunetatik abiatuta idatzi du Benan Oregik – lehengusuen laguntzarekin- aititaren ibilbide politiko, erlijioso eta kulturalaren gaineko liburua: Zutik ozta-ozta nator.
Hiru urteko lana behar izan du 288 orrialdeko liburu mardula ontzeko. Argazki, gutun eta agiriz hornitua dago eta laurehundik gora lagunen erreferentziak jasotzen ditu, baita aititak egindako hainbat bertso ere. Liburua euskaraz idatzita dago, tartekatzen dituen gutunak eta agiriak gazteleraz badaude ere.
Benanen helburua “ez da izan aititari omenaldia egitea, istorio partikular bat kontatuta belaunaldi oso baten historia kontatzea baizik. Nahi nuke liburu honek balio izatea antzeko egoerak bizi izan zituzten familiak anima daitezen euren historia kontatzera”. Hori dela-eta, liburua herrian aurkezteaz gain, Boisen (Idaho) aurkeztu zuen abuztuan eta urrian Gasteizen ere aurkeztuko du. Benanek hogeita zazpi urte daramatza Gasteizen bizitzen eta hogei urte inguru Eusko Jaurlaritzak Diasporako Euskal Komunitatearentzako eratuta duen zuzendaritzan lanean. Ondorioz, lotura sendoak ditu Boiseko euskal komunitatearekin.
Eguenean aurkeztu zuen liburua herriko antzokian eta herritar asko hurreratu ziren bertara, tartean, Iñurrietatarren familiako kide asko. Une hunkigarriz betetako ekitaldia izan zen, batez ere, Benantzioren bertsoak kantatu eta gutunak errezitatu zituztenean. Baita aurkezpenaren amaieran Benanek aititari idatzitako gutuna irakurri zuenean ere. Aurkezpena amaitu ostean, liburua salgai jarri zuten. Hurrengo egunetan herrian eta herritik kanpora ere eskuratu ahal izango da liburua, Elkar argitaletxearen bitartez. Guztira 200 ale inprimatu dituzte.
Etxera bueltatu zeneko bertsoak
Ondorengoa da kartzelatik etxera bueltatu zenean Benantziok senideei kantatu zizkien bi bertsoetako bat, liburuari izenburua ematen diona.
Zutik ostostan nator
ni kartzelatikan
azurrak agirian
da indarrik barikan.
Ez uste orregaitik
ni aldatzerikan
kastigatuagatik
gogor arturikan
burua oraindik dakart
lengo lepotikan.
Lenbiziko agurra
sendi maiteari:
guraso, ta emaste
seme-alaberi.
Besarkada goxo bat
emanik danori
otoitz egin dayogun
gaur goiko Jaunari
Bisirik etorri naiz
eskerrak Berari.