Bisita gidatuak Gizaburuagako indusketa arkeologikoa ezagutzeko

Erredakzioa 2016ko ira. 20a, 14:46

Gizaburuagako tumuloa.

Herritarrek Gizaburuagako ondare arkeologikoa hurbiletik ezagutzeko aukera izan dezaten, bisita gidatuak antolatu dituzte irailaren 24an eta urriaren 1ean. Indusketa-lanak gaur goizean hasi dituzte eta urriaren 2an amaituko dituzte.

Soraluze Alkarrekineko Ibaiak eta mendiak lan-taldeak antolatuta, Gizaburuagako tumuluan Aranzadi Zientzia Elkartea egiten diharduen indusketa arkeologikoa gertutik ikusteko aukera eskainiko zaie herritarrei irailaren 24an eta urriaren 1ean, larunbatez. Aranzadiko arkeologoen eskutik, bisitariek Gizaburuagan egiten ari diren lan arkeologikoa ikusteko aukera izango dute eta, ondoren, Atxolin inguruko megalitoak ezagutuko dituzte. Bi orduko bisitaldia izango da.

Bisita gidatuen abiapuntua Gizaburuagan bertan izango da. Izan ere, han egiten dute bat Ezozi auzotik igotzen den bideak eta Karakateko aparkalekutik doan bideak. Hitzordua 10:30ean izango da.

Interesdunek aurrez eman behar dute izena 943 46 61 42 telefonora deituz (9:00etatik 14:00etara) edo idazkaritza@aranzadi.eus helbidera idatziz.

Gizaburuagako tumulua J.M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an eta 2003. urtetik monumentu gisa babestuta dago. 10 metroko diametroa eta 0,3 metroko altuera du tumuluak.

Gizaburuagako tumuloaren indusketa arkeologikoa Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalek sustatu dute, Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean,eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.