Memoria gorde eta sufrimendua eragiteari lagatzeko eskaera

E. Unamuno 2016ko ira. 12a, 11:15

Presoen dispertsio politika amaitu eta denak kontuan hartuko dituen memoria idazteko beharra izan dira aldarri nagusiak Asier Heriz eta Iñaki Saezen heriotzaren XV. urteurreneko oroimen ekitaldietan. 

2001eko irailaren 8an gartzelara bidean hil ziren Asier eta Iñakiren oroimen ekitaldiak egin dituzte herrian; eguenean Plaza Berrian eta zapatuan Karakaten. Beste behin, dantza, poesia, bertso eta kantu bidez gogoratu dituzte errepidean hil ziren bi lagunak, eta horrekin batera, dispertsio politika amaitu dadin eskatu dute: “dagoeneko 16 lagun hil eta beste hainbat zauritu eragin dituen salbuespeneko gartzela politika da. Normaltasunez onartu ezin dugun anomalia”. Dispertsioaren biktimak memoria ofizialetik kanpo lagatzeko ahalegina kritikatu dute: “batzuek beraien neurrira egiten dihardute biktimen memoria, zuek denok kontuan hartu gabe. Baina ez diegu lagako. Egia, justizia eta errekonozimendua aldarrikatuko dugu, herri honen historia idatziko dugu”.