Belaitz hornigai etxeak agiri fitosanitarioa eskuratzeko prestakuntza saioa antolatu nahi du herrian, interesa duenak Arkaute edo Derioko eskoletara joan beharrik izan ez dezan. Urriaren hasieran egitea aurreikusi dute, baldin eta gutxieneko pertsona kopuru batek aurrez interesa adierazten badu.
Belaitz etxeko Iraitz Ibarzabalek azaldu digunez, pozoi moduan erabili izan diren hainbat produktu eskuratzeko agiri fitosanitarioaren jabe izatea eskatzen dute orain; "derrigorrezko baldintza da". Ondorioz, orain arte produktu hauek erabili izan dituzten eta halako agiririk ez duten hainbat bezero, produktu horiek eskuratu ezinik gelditu dira. Bezero horiengan eta interesa izan dezaketen gainerako herritarrengan pentsatuz, ikastaroa herrian antolatzeko ahalegina egitea erabaki dute.
Gaur eguneko joera nagusia nekazaritza eta lorezaintza ekologikoa lantzea ei da baina "oraindik ere toxikoak diren hainbat produktu erabiltzen dira eta horiek erabiltzeko derrigorrezkoa da halako prestakuntza berezia jasotzea".
Izena eman nahi duenak Belaitzera deitu 943 75 18 81 edo idatzi belaitzhornigaiak@gmail.com dezake. Ordutegia: goizez 9:30-13:00 / arratsaldez 16:30-20:00.