Uda aurretik egindako azken udalbatzarrean Ondasun Higiezinen gaineko zerga (IBIa) izan zuten hizpide. Komertzio eta etxebizitzen gaineko zerga tipoa bere horretan lagatzea onartu da (%0,2853); eraikin industrialei dagokiena berriz, %0,60ra altxatzea erabaki da. Udal gobernuaren proposamenak EAJ eta PSE-EEren aldeko bozkak jaso zituen eta EH Bilduren abstentzioa.
Praktikan herritarren %50ari, jeitsi, mantendu edo 5 euro baino igoera txikiagoa suposatu dio zergaren eta balio katastrala eguneratzeak. Gainerako %50aren artean, 24 herritarri 80 eurotik 350 eurora bitarteko igoera ekarriko die eta gainerakoei 5 €-tik 80€ra artekoa.
Aldundiak eraikinen balio katastrala eguneratzeko egin berri duen errebisioak zerikusi handia du herritarrek euren eraikinengatik ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzerako orduan. Hamabost urteren ostean egin den errebisioak igoera ekarri du balio katastraletan: %35ekoa hiriguneko etxebizitza eta komertzioetan, eta %10ekoa industrialguneetan.
Balio katastralean gertatutako aldaketak errekaudazioan izango zuen eragina orekatu nahian erabaki du Udal gobernuak hiriguneko zerga tipoa (%0,28) bere horretan mantentzea eta industrialguneena gehienezko tipora altxatzea (%0,60). EH Bilduk ontzat jo du udal gobernuak asmoa baina zehaztu du, azkenean, iazko zerga bilketan baino 21.000 euro gehiago jasoko dituela Udalak eta, bere ustez, hiriguneko zerga tipoa jeisteko aukera baliatu behar lukeela, herritarrak kaltetuak izan ez daitezen. Hori dela eta, koalizio abertzaleak abstentziora jo zuen.