“Milioi eta erdi eurorekin saritutako boletoaren jabea soraluzetarra da” Diego Arenas, ONCEko saltzailea

E. Unamuno 2016ko uzt. 13a, 13:07

Diego Arenas ONCEko saltzailea.

Milioi bat eta bostehun mila euroko saria zuen boletoa soraluzetar batek erosi zuela ziurtatu digu. Hogei mila euroko beste bi sari ere banatu ditu.

Diego Arenasek hamabi urte daroatza Plaza Zaharreko ONCEren postuan eta 350.000 eurokoa zen orain arte banatu zuen saririk handiena. Domekan sari potoloagoa banatu zuela jakin zuen, 300.000 euro eta 3.000 euroko soldata hogei urtean zehar, denera 1.500.000 euroko saria. Gainera, 20.000 euroko beste bi sari ere banatu ditu.

Azkenengo egunetan herritar asko hurreratu zaizkio galdezka, sarituak zein diren jakin nahian. Diegok ziurtatu digu saritu guztiak herrikoak direla, badakiela zein diren, baina “sekretu profesionala” dela-eta ezin duela izenik eman. Sarien ordainketak bankuaren bitartez bideratzen ei dira eta “sarituak nahi badu bakarrik jakingo da zein den”.