Olatz Oregi: “Asierrek berak laguntzen digu aurrera egiten”

E. Unamuno 2016ko eka. 26a, 09:32

Manolo, Asier eta Olatz.

Asierrek lau urte ditu eta urte hasieran leuzemia diagnostikatu zioten. Ordutik honako hilabeteak Donostiako ospitalean eman ditu gaixotasunaren kontrako borrokan. Joan zen astean etorri zen etxera baina infekzio arriskua dela eta, ezin izan du kalera irten.

Hasierako nahasmena gaindituta, tratamenduaren amaierako faseari ekiteko gertu dira Asier, Olatz eta Manolo. Azken hilabeteotan semearekin batera bizi izaten diharduten esperientzia kontatu digu Olatzek.  

Noiz jakin zenuten Asier gaixorik zegoela?

Urtarrilaren 29an. Sudurretik odola botatzen hasi zen. Hasieran pentsatu genuen ohiko odol jarioa zela, baina gehiagora egin zion eta azterketak egin ostean, jakinarazi ziguten leuzemia zeukala. Diagnostikoa jakinarazi zioten egun berean ingresatu zuten; ordutik, lau hilabete egin ditu ingresatuta.

Zela hartu zenuten halako berria?

Momentu horretan mundua jausi zitzaigun gainera. Gero, egun batzuetara, diagnostiko zehatza eskuetan hartuta, medikuekin batera jarri ginen eta azaldu ziguten gaixotasunaren zergaitia zein den. Lehenengo burura datorkizuna medula transplantea da, baina batzuek ez dute behar izaten eta hori da gure kasua.

Minbizia berbak beldur handia sortzen du. 

Bai. Hasieran entzuten duzunean minbizia eta kimioa, beti pentsatzen duzu txarrena, eta holako ume txikia denean min handiagoa ematen dizu. Hasieran, dramatizatu eta atzera egitea normala da, baina, gero aurrera egin behar da gogor! Gainera, gaur egun, gero eta minbizi kasu gehiago sendatzen dira. Ni indartzen naiz bera ikusita. Berak laguntzen digu aurrera egiten.

Lau urte ditu eta ez da konziente gaixotasunaren arriskuez; horri esker, beharbada, errazago egiten dio aurre. Asko dihardugu ikasten berarengandik, batez ere, gaiari modu positiboan heltzen. Bera oso konziente da eta badaki zer egin behar duen. Ume izaten jarraitzen du baina heldutasun handia erakusten du. 

Orain arteko bilakaera zelakoa izan da?

Orain arte oso ondo joan da dena. Tratamenduak lau fase ditu eta dena ondo badoa, uztailaren hasieran amaituko du hirugarrena. 

Lehen aldiz ingresatu zutenetik joan zen astera arte atera barik egon da, hurreko familiaz aparte bestelako bisitarik jaso barik, isolatuta, eta hori oso gogorra da. Tarteka, baimena eman diotenean, atera izan gara Debara-edo, Soraluzera ez. Infekzio arriskua dela-eta, ezin du beste pertsonekin kontaktu fisikorik eduki eta ez zaio komeni jende asko dagoen lekuetan ibiltzea. Katarro bat harrapatuz  gero, jasotzen diharduen tratamentua gelditu beharko luke eta berriz hasi.

Oraingoz, beraz, ezingo du kalera irten?

Ez. Kalera irtenez gero, kontaktua eragoztea ia ezinezkoa da eta, oraingoz, ezin dugu arriskatu. Auzoko parkera atera izan gara baina, orduan ere, laztanak eta kontaktua eragotzita.

Porrotxen bisita ere jaso zenuten. Horrelakoek lagunduko dute ospitaleko egonaldia arinago izaten…

Orduak bizkorrago pasatzen laguntzen du eta hori asko eskertzen da. Orduak luzeak baino luzeagoak izaten dira ospitalean, gehiago aislamentuan baldin bazaude. Errealeko jokalariak etorri izan dira, boluntarioak paiaso jantzita eta egunean ordubetez irakaslea etortzen da. Horrek asko laguntzen du. Dena dela, joan zen astean Gasteizko legebiltzarrean izan ginen beste ama bat eta biok, aislamenduko eremua handitu dezatela eskatzeko.

Lekua falta da?

Medikuen eta erizainen tratua oso ona izan da eta hori asko eskertzen da baina lekua falta da. Logelatik aparte, umeek ez dute jolaserako gunerik, eta gainera, momentu honetan minbizia diagnostikatuta 40 ume dauden arren,  aislamendurako bost logela besterik ez daude. Beraz, lehentasun handiena dutenak bakarrik sartzen dituzte han.

Minbizia duten umeen gurasoak Aspanogin batzen zarete. Aspanogik zer eskaintzen dizue?

Gauza asko. Aspanogik gela bat dauka gurasoendako, frigorifiko, dutxa eta abarrekin. Hori Aspanogik lortu du borroka asko eginda. Bazkaltzeko bonoak banatzen dizkigu eta psikologoa eta asistenta soziala ere eskaintzen ditu. Boluntario-sarea ere badute eta umeekin jolastera etortzen dira. Eskerrak horri. Orain, gainera, etxebizitza bat lortu dute Donostian gurasoek erabil dezaten. Ama talde bat ere sortua dugu. Horrek laguntza handia suposatzen du. 

Ogitartekoaren ekimenean ateratako dirua Aspanogira bideratuko dute. Zer iruditzen zaizu?

Oso-oso ondo iruditzen zait eta asko eskertzen diegu laguntza, ez Asierrengatik bakarrik, Gipuzkoan gure egoeran dauden ume guztiengatik. Minbizia pozarekin eta jai-giroarekin lotzea oso ondo dator eta eskerrak eman nahi dizkiegu Bolia, Arrano eta Intxixu tabernei, Mendizabal okindegiari, dultzaineroei, “Arritxa” musika jartzaileari eta laguntzen jardun zuten herritar guztiei.

Momentu honetan zer moduz dago bera?

Momentu honetan etxean dago. Hurrengo astean bueltatu beharko du ospitalera, kimioak hartu behar ditu-eta. Gauzak ondo, uztaileko lehengo astean hirugarren fasea amaituko du eta laugarren eta azken fasea hasiko du.