25 metroko ogitarteko erraldoia zapaturako

E. Unamuno 2016ko eka. 14a, 20:30

Ogitartekoaren ilustrazioa.

25,5 metro ogitarteko erraldoia prestatuko dute Intxixuk, Arranoak eta Bolia tabernak zapatu arratsaldeko 20:00etarako antolatu duten elkartasun ekimenerako. Mendizabal okindegia arduratuko da ogia erretzeaz eta hiru osagai izango ditu: begetala atunakin, pantumana eta patata tortila. 

Ogitartekoa pintxotan zatitu eta pintxoak prezio sinboliko batean (euro 1) salduko dituzte Etxaburueta kalean. Mendizabal okindegiarekin batera, Jasotako dirua Aspanogi elkartera bideratuko dute, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartera.

Mireia Gabilondo (Boliako tabernaria): “Harrituta gaude jendearen erantzunarekin”

Mireia Gabilondo tabernariak azaldu digunez, Etxaburuetako gunean jai giroa pizteko ekimenen bat antolatzeko asmotik sortu da ideia, “pentsatu genuen, zergatik ez uztartu jai-giroa eta elkartasuna?” eta herriko familia bat Aspanogiko kidea denez, dirua bertara bideratzea erabaki dugu. “Harrituta” daude ekimenak herritarren aldetik jaso duen harrerarekin, “jende mordo bat etorri da bere burua boluntario moduan eskaintzera”.

Herriko familia bat Aspanogin

Asier Alonso Oregiren gurasoak, Olatz eta Manolo, Aspanogiko bazkideak dira. Asierri urtarrilean diagnostikatu zioten leuzemia eta ospitalean egin dituen hilabeteotan (orain etxean dago) Aspanogik hainbat zerbitzu eskaini dizkie: tramitazioetan laguntza, ospitaleko egonaldia arintzeko baliabideak… Gurasoek elkartea finantziatzen laguntzeko hainbat ekimen abiatu dituzte, honako hau esaterako: ama talde batek gailetak eta bitxiak saltzeko  ekimena. Herriko tabernariek abiatu duten ekimenari ere oso ondo iritzi diote eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiete euren laguntza eskainiko duten herritar guztiei.