Bigarren eskuko liburu eta diskoen azoka solidarioa

G.Azkarate 2016ko eka. 9a, 12:08

Bigarren eskuko liburuak, diskoak eta LPak erosteko aukera izan da gaur goizean ˝Azoka solidarioa" elkartekoek Plaza Berrian jarri dituzten postuetan. Jasotako dirua arazo ekonomikoak dituzten pertsonei bideratuko diete. 

Jorge Lopez, elkarteko arduradunak adierazi digunez, "pobrezia energetikoa murrizten laguntzea" da "Azoka Solidarioa" elkartearen helburu nagusia eta horretara bideratzen dute "merkatutik kanpo dauden produktuak merkaturatuz" eskuratzen duten dirua. 

Hainbat azoka antolatzen ei dituzte Euskal Herrian zehar eta azoketan salgai izaten dituzten produktuak herritarrek, boluntarioki, emandakoak izaten dira. Beharra duten pertsonei laguntzearekin batera, ekarpen kulturala egiten ahalegintzen dira, irakurzaletasuna eta musikazaletasuna bultzatuz eta berrerabilpenaren bitartez ingurumena zainduz. Hain zuzen, gaurko azoka ekainaren 5ean ospatu zen Ingurumenaren munduko eguneko ekimenen barruan kokatu nahi izan dute.

Goiz guztian zehar hainbat herritar hurreratu dira azokara.