Jose Berrueta 1921an jaio zen eta atzo hil zen 94 urte zituela. Hemezortzi urterekin hasi zen argazkilaritza munduan eta 44 urtez kronikagile moduan ere jardun zuen Diario Vascorendako 1948tik 1988ra bitartean. Kirol munduarekin ere harreman handia izan zuen, urte askoan arbitroa izan zen eta Soraluze futbol taldeko lehendakaria ere bai.
Ahotsak.eus webgunean jasota daude herriko hainbat gairen inguruan Jose Berruetak emandako testigantzak, idatziz transkribatuta. Bere biografia ere jasota dago:
Soraluzeko Santa Ana kalean jaio zen, bederatzi anai-arrebatatik laugarrena. Ama bertakoa zen eta aita, berriz, Durangokoa. Soraluzen eskolatu zen bost urtetik hamalaura arte. Inozenzio Madinaren torloju-lantegian jardun zuen gerra aurrean. Gerraostean kanoi-lantegian jardun zuen lanean, eta soldaduskako zati bat ere bertan egin zuen. Eibarko Nicolas Correaren lantegian ibili eta gero, Osintxuko Soraluze Kooperatiban bazkidetu zen. 23 urte zituela futbol arbitro titulua atera zuen. Eibarko Ipurua zelaia inauguratu zutenean, Josek marrazain lanetan jardun zuen. Soraluzeko El Diario Vascoko korrespontsala ere izan zen. Soraluzeko traineru probak, trena errailetik irten zenekoa eta beste albiste bitxi batzuk kontatzen ditu. Osintxuko Untzueta erdikoa baserriko Serapia Bergaretxerekin ezkondu zen.
Gaur, eguaztena, arratsaldeko 19:00etan hileta-elizkizuna egingo diote azken agurra emateko.