Alkateak adierazi duenez, azken aldian hainbat herritarren kexak jaso dituzte udaltzaingoan eta udaletxean, asteburuetan gaizki aparkarkatzen diren autoak direla eta. Ondorioz, udaltzainak ez daudenean aparkalekuen jarraipena bideratzeko modua aztertu dute eta hemendik aurrera Ertzaintzak bideratuko du jarraipen hori.
Alkatearen esanetan "tristea da isunen bidea erabili beharra baina pertsona batzuek udaltzainik ez dagoenean hartzen duten jokabidea aldarazteko modu eraginkor bakarra, poltsikoa ikutzea da".
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, hainbat gidarik espaloietan, piboteen aurrean, autobus geltokietan eta karga eta deskargarako guneetan aparkatzen dute udaltzainik ez dagoenean, eta horrek eragozpen ugari sortzen ditu. Hemendik aurrera, udaltzainik ez dagoen orduetan Ertzaintza arduratuko da aparkaleku okerrak salatzeaz, eta, ostean, udaltzaingoaren ardura izango da isunak tramitatzea.
Ezarriko diren isunen kopuruaz galdetuta, udaltzaingoak jakinarazi digu Ertzantzak isun altuagoak ezartzen dituen arren, azkenean zenbatekoa udaltzaingoak gaur egun ezarrita dituen kopuruen parekoa izango dela, alegia, 40 eurotik 200 eurora bitartekoa, larritasunaren arabera. Ohikoa den moduan, ordainketa azkarra eginez gero isunaren zenbatekoaren erdia bakarrik ordaintzeko aukera izango da.